JESUS LOZA
Jaurlaritzako ordezkaria«Gizatasun irizpideetan oinarritzen den erabakia da»
Jesus Loza Elkarbizitza eta Memoriarako Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren mandatariak nabarmendu du epaia «akatsgabea» dela. «Gure legediak ezartzen duen bezala, gizatasun irizpideetan oinarritzen den erabakia da».«Gizatasuna pertsona honek egindako delituen gainetik dago, eta legediak heriotza duin baterako eskubidea ematen du».
JOSE LUIS SANCHEZ MUNIAIN
Nafarroako Gobernuko eleduna«Gizatasuna eta Uribetxebarriaren izena bera ez dira bateragarriak»
Nafarroako Gobernua ez dator bat epaiarekin, baina «logikoki» erabaki judizial guztiak errespetatu «behar» dituela dio. Jose Luis Sanchez Muniainen ustez, «gizatasuna eta Uribetxebarriaren izena ez dira bateragarriak. Pertsonaia maltzurrenetakoa da».
IÑIGO URKULLU
EAJren EBBko presidentea«Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzea giza eskubideen garaipena da»
Iñigo Urkullu EAJren Euzko Buru Batzarreko presidenteak Twitterren ohar bat idatzi du: «Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzea giza eskubideen garaipena da, eta ikuskizunaren porrota».
JOSE ANTONIO PASTOR
PSE-EEko eleduna«PP barruko kontraesanek zerikusi handia izan dute nahasmen honetan guztian»
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak uste du auziaren inguruan Espainiako Gobernuaren gestioa «nabarmen hobetu» zitekeela: «PP barruko kontraesanek zerikusi handia izan dute nahasmen honetan». Haren ustez, ezker abertzaleari «hauteskundetarako bandera» bat eman dio PPk.
MARIBI UGARTEBURU
Ezker abertzaleko kidea«Ezinbestekoa izan da herri mobilizazioa»
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariaren aburuz, PSOEren eta PPren gobernuak «muturreko egoerak sortzen tematzen dira», eta horietako bat izan da Uribetxebarriaren kasua. «Txalogarria izan da Euskal Herrian piztu den herri mugimendua. Askatasuna lortzeko ezinbestekoa izan da». Haren irudiko,bide horretatik jarraitu behar da.
LEOPOLDO BARREDA
PPko eleduna Kongresuan«Pertsonaia batek eragiten duen sinpatia edo nazkaren arabera, ezin da legea aldatu»
Leopoldo Barreda EAEko PPko eledunaren arabera, «demokraziaren onena da legea berdina dela denentzat». Barredaren ustez, «pertsonaia batek eragiten duen sinpatia edo nazkaren arabera, ezin zaio gobernu bati exijitu legea aldatzeko».
LAURA MINTEGI
EH Bilduko hautagaia«Neurriz kanpo atera den egoera bat bideratzen erakutsiko digu kasu honek»
Laura Mintegi EHBilduko lehendakarigaiaren arabera, ikasteko balio behar luke: «Neurriz kanpo atera den egoera bat bideratzen erakutsiko digu. Neurri handi batean egoera horretara iritsi gara legediari bizkar emanez Espainiako Gobernuak amorerik eman nahi izan ez duelako».
ARALAR
«Kostata bada ere, behingoz justizia egin da»
Aralarren iritziz, «behingoz justizia egin da, kostata bada ere». Haren ustez, erabakiak bultzada eman behar die zentzuz jokatzen duten alderdiei eta komunikabideei, konponbiderako bidean ekarpenak egiteko.
IKERNE BADIOLA
EAko Komunikazio idazkaria«Estatuak bakegintzan aurrera egiteko dituen zailtasunak erakusten ditu»
Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkariaren arabera, legea eskuan, berandu dator erabakia. Atzerapen horrek euskal gizartean «ezinegon handia» eragin du.
ALBA GUTIERREZ
Ezker Batuko eleduna«Orain PP barruko eskuin muturrak ordaina pasatu dio»
Alba Gutierrezek dio «ikuskizuna tamalgarria» izan dela. Iraganean justizia «nahierara» erabili ostean, orain «PP barruko eskuin muturrak ordaina pasatu dio».
ETXERAT
«Behar baino sei urte geroago iritsi da baldintzapean aske uzteko erabakia»
Etxerat elkarteak gogorarazi du 2005ean esan zitzaiola Uribetxebarriari giltzurruneko minbizia duela eta 2006ko abenduan eskatu zuela baldintzapeko askatasuna. «Behar baino sei urte geroago iritsi da». Horregatik, «berehala» aske uzteko eskatu du Etxerat-ek.
LOKARRI
«Giza eskubideak bereizketarik gabe errespetatu behar dira»
Lokarriren iritziz, «ezinbestekoa da giza eskubideak errespetatzea, bereizketarik gabe», eta gaixotasun larriak dituzten beste presoekin ere berdin jokatu behar da.