40 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Irungo (Gipuzkoa) kiroldegi bateko aldageletan emakumeak grabatzea egotzita. Hain zuzen, joan den larunbatean aldageletan zegoen emakume bat konturatu zen gizon bat sakelako batekin grabatzen ari zela hormaren goiko aldetik. Gizona urrundu egin zen arren, emakumeak kiroldegiko langileei jakinarazi zien gertatutakoa, eta langileek gizona atxiki zuten Ertzaintza iritsi arte.
Ertzainen arabera, atxilotuak irudiak ezabatu zituen argazki galeriatik, baina emakumeak biluzik ageri ziren irudiak zituen sakelakoko zaborrontzian. Gaur Irungo Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute atxilotua.