Gizon bat atxilotu dute Tuteran, bikotekide ohia jotzea, ihes egitea eta istripu bat eragitea egotzita

Bikotekide ohiak esan zion ez zegoela gidatzeko eta semea eramateko moduan, eta gizonak zenbait kolpe eman zizkion aurpegian.

jakes goikoetxea
2025eko irailaren 13a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanetik kanpo zegoen polizia batek gizon bat atxilotu zuen atzo gauean Tuteran (Nafarroa), bikotekide ohia jotzea, ihes egitea eta istripu bat eragitea egotzita. Espainiako Poliziak jakinarazi duenez —bertako polizia da Tuterakoa—, atxilotua bikotekide ohiaren etxera joan zen atzo, 21:30ak aldera, semea jasotzera. Emakumeak, gizonaren egoera ikusita, esan zion ez zegoela semea eramateko eta gidatzeko moduan. Gizona haserretu egin zen, emakumeari zenbait kolpe eman zizkion aurpegian, eta iraindu egin zuen. Bizilagunek Poliziari deitu zioten.

Gizonak autoan ihes egin zuen, abiadura bizian. Espainiako Poliziak zehaztu du gizonak ihesaldian egin zituen maniobrek arriskuan jarri zituztela gainerako gidariak. Lanetik kanpo zegoen polizia bat haren atzetik abiatu zen. Gizona AP-68 autobidera sartu zen, eta istripu bat eragin zuen. Emakume bat zauritu zen istripuan: konortea galdu zuen kolpearen ondorioz.

Suhiltzaileak, foruzainak eta Espainiako poliziak joan ziren istripuaren lekura. Istripua eragin zuen gizona identifikatu zuten, eta jabetu ziren hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua zegoela, emazte ohiari tratu txarrak emateagatik. Atxilotu egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.