Salaketa jarri bezain laster, Ertzaintza gizonezkoaren bila hasi zen. 23:30 inguruan atxilotu zuten. Sexu erasoak egitea eta urruntze agindua apurtzea leporatzen dizkiote atxilotuari.
Barakaldon (Bizkaia), bestalde, 33 eta 34 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak, hamahiru egunez emakume bat atxikita izan dutelakoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, emakumea etorkina da. Antza, atxilotuek Europan bizi ahal izateko pasaportea agindu zioten emakumeari. Internet bidez ezagutu zuten elkar.
Ertzaintzaren arabera, apirilaren 1ean egin zuten hitzordua. Internet bidez adostu bezala, Bilboko autobus geltokian elkartu ziren. Beste bizileku bat aurkitu eta pasaportea lortu bitartean, Barakaldoko etxe batean bizitzea proposatu zioten.
Emakumeak jakinarazi duenez, hara iristean pasaportea kendu, eta hamahiru egunez izan dute atxikita. Soilik otorduak egiteko eta komunera joateko baino ez diote utzi bertatik irteten.
Asteartean, etxetik ihes egitea lortu zuen emakumeak. Ustezko bi bahitzaileak berehala konturatu ziren, eta atzetik joan ziren. Emakumeak, azkenean, inguruko enpresa batean sartzea lortu zuen. Hango langileek lagundu zioten. Handik gutxira ertzainak eta udaltzainak joan ziren hara.
Emakumeak hainbat pasaporte eraman zituen atxikita egon zen etxetik; horien artean zeuden bi atxilotuenak. Horiei esker lortu du Ertzaintzak ustezko bi bahitzaileak identifikatu eta atxilotzea. Legez kanpoko atxikitzea egozten diete. Ertzaintza gertaera ikertzen ari da.
Berdintasun zerbitzuen bateratzea «patxadaz» aztertuko du Jaurlaritzak
Berdintasun zerbitzuen-Emakunde, Berdindu etaBiltzen- bateratzea «presarik gabe» aztertuko dutela adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek. «Oraingoz ez dugu erabakirik hartu gai horri buruz. Lehenbizi, zerbitzu horien funtzionamendua eta eraginkortasuna nola optimizatu aztertu behar dugu. Hori egin ostean, erabaki bat hartzeko moduan izango gara. Patxadaz egingo dugu, gainera, zentzua erabiliz».Urtarrilaren 8an iragarri zuen Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak berdintasun alorrean lanean ari diren zerbitzuak bateratzeko asmoa. «Hori egiten badugu, berdintasunaren inguruan dugun konpromisoa gutxitu gabe izango da. Konpromiso hori ez dugu apur bat ere gutxituko», nabarmendu du Lopezek