Gizon bat zigortu dute emaztea bortxatzeagatik eta tratu txarrak emateagatik

Senarrak erabat menderatzen eta kontrolatzen zuen emaztea, eta iraindu eta gutxietsi egiten zuen, Nafarroako Auzitegiaren arabera.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
jakes goikoetxea
2024ko ekainaren 3a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak hamabi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela ezarri dio 38 urteko gizon bati, emazteari tratu txarrak emateagatik eta bi aldiz bortxatzeagatik 2018an. Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio bortxaketa bakoitzagatik, urtebetekoa ohiko tratu txarrengatik, eta bederatzi hilabetekoa ezohiko tratu txarrengatik. Emakumeak uko egin dio kalte ordainari. Akusatua ezingo da ez harekin harremanetan jarri, ez harengandik 300 metro baino gertuago egon. 

Maiatzaren 10ean egin zen epaiketa. Fiskaltzak 23 urte eta hamar hilabeteko zigorra eskatu zuen: hamar urtekoa bortxaketa bakoitzagatik, hiru urtekoa ohiko tratu txarrengatik eta hamar hilabetekoa ezohiko tratu txarrengatik. Akusazio partikularrak 24 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsak, berriz, errugabe izendatzeko.

Aringarri gisa aplikatu dio luzamen bidegabea: auzia ez da zortzi hilabete baino gehiagoan geldirik egon, «baina ez da arrazoizkoa horrelako prozesu bat bideratzeko eta auzitara eramateko bost urte behar izatea». Larrigarri gisa aplikatu dio, berriz, ahaidetasuna.

GPSa eta dirua

Senar-emazteak Perukoak dira sortzez. Gizona 2017an hasi zen Nafarroan bizitzen; emaztea eta bikotearen bi alaba urtebete geroago iritsi ziren. Urtebete horretan bideo deien bidez izaten zuten elkarren berri, eta senarrak emaztea behartu egiten zuen sakelako telefonoarekin etxea erakustera, baita oheen azpiak ere, etxean beste inor ez zegoela ikusteko. Horrez gain, une oro argazkiak bidaltzera ere behartzen zuen, «genitalenak ere bai, ikus zezan ea sexu harremanik izan zuen beste norbaitekin».

Emaztea eta bi alabak Nafarroara iritsi eta gero, zigortuak emaztea iraindu eta gutxietsi egiten zuen, epaiaren arabera. Emaztea non zegoen zekien une oro, GPS baten bidez kontrolatzen baitzuen. Emaztearen dirua ere kontrolatzen zuen. Eta lagun berriak egitea edo etxetik ateratzea ere galarazten zion, senarrarekin berarekin ez bazen.

«Menderatze hori» sexu harremanetan ere baliatzen zuen: emazteak sexu harremanik eduki nahi ez zuenean, senarra haserretu egiten zen, modu bortitzean erantzuten zion, eta esaten zion emaztearen betebeharra zela berarekin sexu harremanak izatea, «Espainiara ekarri izana ordaintzeko». Senarrak bortxatu egin zuen emazteak ezetz esan zion bi alditan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.