Gizon batek emazte ohia hil eta bere buruaz bertze egin du

76 urteko gizonak tiro egin dio hurbiletik 69 urteko bikotekide ohiari, eta gero bere buruaz bertze egin du Miarritzen Urteko bosgarren biktima da; hilketa argitzeko inkesta agindu du prokuradoreak

Aitor Renteria.
2010eko irailaren 22a
16:19
Entzun

Astelehen iluntzean 76 urteko gizon batek 69 urteko emazte bat hil zuen, eta ondoren bere buruaz bertze egin zuen, Miarritzeko Frias karrikan (Lapurdi). Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak jakitera eman duenez, aspaldian bikote izan ziren, duela 30 urte inguru bereizi baziren ere. Gizonezkoak hurbiletik egin zion tiro emazteari sabelean, eta ondoren, bularraren kontra jarri zuen, bere buruaz bertze egiteko. Genero indarkeriaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako bosgarren emakumea da Miarritzeko biktima.

Hilketa arratsaldeko zazpiak eta laurden aldera gertatu zen, Miarritzeko hirigunean, hondartza handitik 200 metrora dagoen auzotegian, polizia etxetik hurbil. Lekukoek adierazi zuten bi tiro hots entzun zituztela eta gerturatu zirelarik bi gorpu atzeman zituztela lurrean etzanik. Gizona hilik zegoen, eta emaztea hilzorian. Berehala dei egin zieten sorospen zerbitzuei. Azken horiek emaztea bere onera ekartzen saiatu ziren, baina alferrik. Zauria larriegia zen, eta handik gutxira zendu zen. Udaltzainek inguruko bideak itxi zituzten, ikerketa egin behar zuen Poliziaren zain.

Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak argitasun gutxi eman zituen atzo gertakariaren inguruan. Baieztatu zuen gizonak emaztea hil zuela eta ondoren bere buruaz bertze egin zuela, bularrera tiro eginez. Inkesta daraman polizia judizialak azaldu duenez, gizonaren gorpuak hori ematen du aditzera.

Tiroa hurbiletik egin zuen gizonak. «Ehiza fusila baliatu zuen gizonak, kanoi motzekoa», Kayanakisen arabera. Alta, saltegietan ez dago horrelako ehiza fusilik, eta prokuradoreak ez du horren inguruko azalpenik eman. Inkesta dagoen unean egonik, ez dakite berak moztu ote zuen eta zertarako. Motzagoa izanik, inor ohartu gabe aiseago eraman zezakeela soinean nabarmendu zuen Kayanakisek.

Hilketaren arrazoiei dagokienez, horiek finkatzeko goizegi dela azaldu zuen. Gizonaren gorpuan eskutitzak atzeman zituzten. Batzuk Poliziarentzat eta bertze batzuk familiarentzat. Poliziak ez du denborarik izan gutun horiek sakon ikertzeko. Hala ere, gizonaren idatzietan arrangura nagusi dela azaldu du prokuradoreak. Gutunetan familiako hainbat kideri idatzi diela dirudi, baina deusek ez du aditzera ematen zein izan daitekeen hilketaren arrazoia.

Hilketaren abiapuntuan gizonaren jarrera jeloskorra egotea ez du baztertzen Kayanakisek. «Duela 30 urte banandu ziren, eta zaila da sinestea hainbeste denbora pasatu eta gero, adin horretan, jeloskortasuna izan daitekeenik hilketaren arrazoia, baina ez dugu ikerketa lerrorik baztertzen». Ezkontzak iraun bitartean, bi haur ukan zituen bikoteak.

Segadaren hipotesia ahul

Hilketa gertatu eta berehala, zurrumurruak ugaldu ziren; horien artean, beste pertsona bat ikusi zuten lekukoen testigantza. Lekuko batek adierazi zuen burua estalita zeraman gizon bat ikusi zuela, Frias karrikatik lasterka alde egiten. Poliziak lekuko guztiak eta auzokideak galdekatu ditu, eta hipotesi hori baztertu behar dela adierazi zuen Kayanakisek. Urduritasunean egindako adierazpena dela erran du. Gizonaren gorpua agertu den moldean, suizidioaren tesia sinesgarriena dela dio prokuradoreak. Gutunen edukiak interpretazio hori indartzen duela gaineratu du, gainera.

Hala ere, puntu bat ez da argi gelditu gertaera horretan. Gizonezkoa Miarritzen bizi zen, Frias karrika dagoen auzotegian. Emaztea, aldiz, Angelun bizi zen. Prokuradoreak ez daki oraindik zergatik joan zen emaztea gizonarengana.

Galdera horiei erantzuna emateko asmoz, gizonaren eta emaztearen etxeak miatu ditu Poliziak, baina hilketari argia eman diezaiokeen deus ez aurkitu gabe. Prokuradoreak ez ditu jakitera eman gizon eta emaztearen izenak.

Poliziak hildakoen familia eta lagunak galdekatu nahi ditu. Lan horretan traba guztiak baztertu nahi dituela azaldu du Kayanakisek, baita ere gizartean zabal daitekeen presioa. «Emazteak ez zuen gizonaren aurkako salaketarik jarri, ez ezkonduta egon zirelarik, ez gero». Gizonak ez zuen tratu txarren salaketarik izan, ez emakume horrekin ezkonduta egon zen sasoian, ez eta banandu ondoren ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.