Aiegiko (Nafarroa) gizon batek, 67 urteko Carlos Galdeano Zudairek, emazte ohia hil zuen atzo goizean herri horretan, eskopetarekin tiroa emanda. Mercedes Galdeano Gurreak 60 urte zituen, eta hiru seme-alabaren ama zen. Lagun batekin erosketak egitera zihoan atzo senar ohiarekin topo egin zuenean. Hainbat lekukok errandakoaren arabera, Aiegiko Mater Dei ikastetxeko aparkalekuan zegoen Carlos Galdeano, antza denez, emazte ohiaren zain. Hura ikusi zuenean, harengana jo zuen eskuetan ehizarako eskopeta zuela, eta bi aldiz tiro egin zion. Ondoren, autoa zuen tokira itzuli zen, emaztea lurrean etzanda zegoen lekutik hamar bat metrora, eta bere buruaz beste egin zuen, emakumea hiltzeko baliatutako eskopeta berarekin tiro eginez.
Emakumeen kontrako indarkeriaren estatistiketako zenbaki bilakatu da Mercedes Galdeano senar ohiaren esku zendu eta gero. Inoiz ez zuen senarraren kontrako salaketa jarri, baina beldurrez bizi zen harengandik banatu zenetik. Lizarrako Udaleko Emakumearen Alorreko teknikari eta Andreako kide Tere Saezek 1998. urtean ezagutu zuen Mercedes, senarrarekin zuen harremana bertan behera utzi ondoren laguntza bila joan zitzaionean. «Senarrak dirurik gabe utzi zuen, eta oinarrizko errenta eskatzera etorri zen. Beldurrez zegoen. Haren seme-alabek argi erran didate gaur [atzo] gertatu den beldur zirela. Salatuz gero, aitak ama hilko zuela argi zutela» erran zion Saezek atzo berriari. Emakumearen kontrako indarkeriak «bihotzean» jo du Saez oraingoan.Andreako kideak azaldu zuen duela hilabete eskas epaileek Mercedesi eman ziotela arrazoia; ordura arte, ordaindu ez zuen pentsioa ordaindu beharko ziola senarrak Aiegiko emakumeari. «Ongi zegoen; aurrera egitea lortu zuen», azpimarratu zuen Saezek.Lizarrako Udaleko teknikariak gogor salatu zuen Carlos Galdeanok arma bat erabiltzeko baimena edukitzea, «tratamendu psikologikoan baitzegoen». «Ezezkorik onartzen ez zuen horietakoa zen; emakumea bere menpekotzat jotzen zuen, gehitu zuen. «Inoiz ez zuen banaketa onartu».Aiegin izan zen atzo Tere Saez. Mercedes Galdeanoren seme-alabekin eta gainontzeko senitartekoekin. Laguntzen. Gaur Lizarrako udaletxearen aurrean izanen da, Mercedesen alde herri horretako udalak eta emakumeen plataformak antolatutako elkarretaratzean. Mercedes omentzeko ez ezik, salaketa egiteko elkarretaratzea ere izanen da. Tere Saezek nabarmendu zuen Nafarroako Parlamentuak 2002an onartutako emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko legea oraindik ez duela garatu Nafarroako Gobernuak.Iruñean, halaber, elkarretaratzea izanen da, gaur, eguerdiko 12:00etan, Binkulo plazan. Nafarroako Emakumearen Institutuak antolatu du.
Herritarrak atsekabetuta
Mater Dei ikastetxeko haurtzaindegiko irakasle Terek ez zuen Mercedes ezagutzen; ezta haren senar ohia ere. Ikastetxerako bidean, bi hilotzekin topo egin zuen 11:00ak aldera. «Tiroak ez nituen entzun. Ikastetxerako bidean, bat batean, bi gorpu ikusi nituen lurrean, odoletan. Bi gizonezko zirela iruditu zitzaidan. Gero jakin nuen bat emakumea zela», erran zion berriari. Ikastetxeko ardura duten mojak «lur jota» zirela gaineratu zuen Terek. «Senar-emazteen seme-alabak hemengo ikasle izan ziren».
Mater Dei ikastetxearen aparkalekuan gertatu zen hilketa, Aiegiko lurren mugan. Industrialdea dago ondoan, eta hango langileek eman zioten abisua SOS Nafarroari atzo, gizonezkoak emaztea hil ondoren. Hainbat lekukok azpimarratu zuten gizona emakumearen zain egon zela. Bere buruaz beste egin aurretik, halaber, minutu bat geldirik egon omen zen gizonezkoa autoaren ondoan. Aiegiko herritarrak atsekabetuta daude gertatutakoarekin. 1.200 biztanle inguruko herria da, Lizarratik gertu. Udalak ezohiko osoko bilera egin zuen atzo Mercedesen hilketa gaitzesteko. Indarkeriaren kontra neurriak eskatu eta hiru dolu egun ezarri ditu.Mercedesen eta haren senar ohiaren hilotzak arratsaldeko 13:30ean altxatu zituzten, eta Institutu Forentsera eraman zituzten Iruñera, autopsia egin ziezaieten.Guardia Zibilak Berriari zehaztu zionez, emakumeak bi eskopeta-tiro jaso zituen: «autopsiak zehaztuko du tiro horiek non jaso zituen. Badirudi gizonezkoa haren zain zegoela, baina hori zehazterik ez dago. Egoera zein zen jakiteko, hildakoen senitartekoekin mintzatu behar dugu. Horixe da hurrengo urratsa . Emakumeen eta adin txikikoen kontrako indarkeriaz arduratzen den saila ari da ikerketa egiten, txostena osatu eta epaileari emateko».