Gizon «jeniala» zen

Amagoia Mujika - Urtzi Urkizu
2013ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Ramon Labaienek sekulako arrastoa utzi du ezagutu zutenengan. Euskal Herri euskaldun baten zerbitzura zegoen gizona zela diote denek, alderdikerien gainetik; egokien iruditzen zitzaiona egiten zuela, oso kritikoa eta zorrotza zela, umore onekoa, eta langilea. Azkenera arte, egunak asko egiteko eman zion, merezi zuela pentsatzen zuen hura.

PEDRO MIGUEL ETXENIKE Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia

«Mundura irekita zegoen, sustraiak ongi finkatuta»

«Egun oso tristea» izan zen atzokoa Etxenikerentzat, «lagun mina» galdu duelako, bidelaguna, Jaurlaritzako lehen gobernuan bizi izandakoetatik gaur arte. Frontoian zegoela jaso zuen albistea, atzo goizean, eta «ezin buelta emanda» zegoen arratsaldean, agur esan gabe joan baitzaio. Ororen gainetik «jeniala» zela uste du. «Gizon instituzionala zen, kulturak eta euskarak beharrezkoak zituen instituzioen alde lan asko egin zuen». «Kulturaz oso jantzia» zen, «kultura unibertsala eta etxekoa maite zituen». Munduan gertatzen ari zen guztiaren berri jakitea gustatzen zitzaion, sakonetik. «Euskal Herriari bere dohain oro ekarri zizkion, eta ditugun gauza asko berari zor dizkiogu». Familia gizona zen, «senarra eta aita. Gasteizen bakarrik zegoen orduan Etxenike, eta ordu asko igarotzen zituzten elkarrekin. Bizipen haiek «ahaztezinak» zaizkio.

JOSE MARI OTERMIN Euskadi Irratiko zuzendari ohia

«Diru urri haietatik zati bat EITBren sorrera bideratzeko gogoz aritu zen»

Labaienek EITBren sorreran egindako ahalegina «oso-oso garrantzitsua» izan zen, Oterminen iritziz. Batetik, jendea eta lantalde bat lanean jarri zuen, eta, bestetik, «ekonomia egoera zaila zen arren, Jaurlaritzaren diru urri haietatik zati bat EITBren sorrera bideratzeko gogoz aritu zen. Bultzagilea izan zen horretan», esan du Oterminek.

JOSEBA EGIBAR EAJko GBBko presidentea

«Erabat konprometitua eta oparoa izan da haren ibilbidea»

Joseba Egibar azken hilabeteotako gaixoaldian egon da Labaienekin, eta, uste duenez, «Labaienek bazekien zer zetorkion». Gaixotasunak ahuldu duen arte jardun da lanean. Ibilbide «erabat konprometitua eta oparoa» izan da. «Euskara, kultura, komunikabideak, ingurumena... denak landu zituen». Azkenean, «herrigintza» egin zuen, eta erakutsi «herri bat maitatzeko mila modu» daudela. Joan da, «baina hark egindakoa hortxe geratuko da, belaunaldi berriek ezagut dezaten».

JOAN MARI TORREALDAI 'Jakin-eko zuzendaria

«Haren leialtasuna ez zen alderdiarekiko, aberriarekiko baizik»

«Abertzalea eta oso euskaltzalea» zela nabarmendu du Joan Mari Torrealdaik, «abertzale oso kritikoa, oso koherentea ere bai; izaeraz, liberala». EAJ alderdiarekiko ere «oso kritikoa» zen, eta bere «leialtasuna ez zen alderdiarekiko, aberriarekiko baizik». Gogoan du, besteak beste, min handia eman ziola Labaieni Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, eta auzipetuen aldeko taldea sortzeko proposamena berak egin zien auzipetuei. «Biktimak ginela pentsatzen zuen, eta herritarrek jarri behar zutela auzipetuei eskatzen zitzaien dirua». Dirua biltzen jardun zuen Labaienek Egunkaria Epaiketa ekinbide taldean. Makina bat bazkari egin zituzten elkarrekin. «Oso dibertigarria» zen, bertsolari plantan ere ederki aritzen zen. «Anekdota asko zituen; kultura handiko gizona».

MIREN AZKARATE Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia

«1936ko gerraren aurretik euskal kulturaren alde lan egin zutenak gogoan zituen»

Euskal nazio baten aldeko egitasmoetan «beti konprometitua» izan da Labaien, Azkarateren arabera. «Bere entusiasmoari azken unera arte eutsi dio, eta zubigintzan pertsona garrantzitsua izan da». Azkaratek gogoan duenez, 1936ko gerraren aurretik euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin zutenak ere gogoan zituen, «kontziente zen aurreko ondarea zein zen». Bestalde, Azkarateren ustez, azken ordura arte bere buruaren jabe izan da, eta azkeneko urteetan kapaz zen garai bateko gauzak gogoratzeko eta transmititzeko. «Labaienek errenazimendu garaiko espiritua zuen».

IÑIGO ALBERDI Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia

«Abertzaletasun konprometitutik ikusi zuen orkestrak balio handia zuela»

Alberdik nabarmendu du Labaien «kultura pertsona izanda, eta gizon jantzia, abertzaletasun konprometitutik ikusi zuen orkestra bat izateak balio handia zuela». Halaber, Labaienek maiz esaten zuen esaldi bat gogoratu du: «Herri batek, herri bat izango bada, bi gauza izan behar ditu: orkestra indartsu bat eta hegazkin konpainia bat».

TXUTXI ARIZNABARRETA Independentistak sareko kidea

«Beti zegoen prest mobilizazioetan-eta parte hartzeko»

Independentistak sarearen sortzaileetako bat izan zen Labaien, 2010ean, eta ordutik «oso modu aktiboan» hartu zuen parte. «Beti zegoen prest mobilizazioetan-eta parte hartzeko». Bileretan egiten zituen «ekarpenak» estimu handian ditu. «Esperientzia eta aberastasuna» ekartzen zituen. «Oso samurra» zen jendearekin, eta «jario gozokoa» hizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.