Gizonezko bat hil da auto istripu batean, N-121-A errepidean, Irun parean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, auto batek eta kamioi batek aurrez aurre jo dute, eta autoaren gidaria hil egin da. Istripuaren eraginez, bi bideak moztu dituzte, eta trafikoa GI-3455 errepidetik desbideratu.
N-121-A errepidearen egoera hizpide izan da urte hasieran, urtarrilean bi gazte auto istripu batean hil ondoren, Olague parean. Horietako baten familiak «berehalako konponbideak» lehenesteko eskera egin die erakunde publikoei. Horiez gain, 2010etik 2019ra 31 pertsona zendu dira errepide horretan. Hamarkada hasi zenetik, gainera, ia urtero handitu da ezbeharren ondorioz hildakoen kopurua. Zaurituak ere izan dira: larri zauritutako 69 pertsona, eta arin zauritutako 222. Istripu gehienak Nafarroako lurretan gertatu dira; handik igarotzen da errepidearen zatirik luzeena. Duela bi aste, bertako Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak adierazi zuen lehentasunezkoa dela N-121-A errepideko lanak egitea. Horretarako, aurtengo aurrekontuetan milioi bat euro izango dituzte. Horrela, 35 kilometrotan bereizi egingo dituzte errepidearen bi noranzkoak, barrera metaliko bertikal batekin.