Goazen Plazara ekinaldiaren balorazio baikorra egin dute

Dijongo kartzela batera eramanen dutela esan diotenez, gose greba utzi du Naia Lacroix presoak

Atzoko agerraldia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin- Oihana Elduaien
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Herrira mugimendua pozarren azaldu da joan zen larunbateko Goazen Plazara egitasmoaren emaitzarekin. Haren datuen arabera, 30.000 lagunek hartu dute parte, eta 250 plaza baino gehiago «bete» dituzte. Azpimarratu dute Herrialde Katalanetan, Londresen eta Argentinan ere «ehunka» lagun kalera atera direla, Euskal Herrian ez ezik, eta euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzeko eskatu dutela.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan agerraldi berezia egin zuen Herrira mugimenduak atzo, Itziar Rekaldek ipuin batekin azaldu baitzuen mezua. Rekalde bera, Juan Ibarrondo, Manu Ugartemendia eta Nagore Garcia izan ziren agerraldian. Garciak azpimarratu zuen hau argi gelditu dela: «Gobernuan jarriak dira begirada guztiak, pauso baikorrak eman ditzan». Izan ere, uste dute presoen eskubideak errespetatzea «gehiengo zabal batek» eskatzen duela. Hala, gogora ekarri dute Goazen Plazara egitasmoarekin bat egin dutela gehiengo sindikalak, «politikagintzaren esparru aski zabal eta pluralak», eta era askotako elkarte eta eragileek. Herrira-k eskertu egin du haien guztien ahalegina. «Herriaren ahalegin kolektiboak emango ditu emaitzak», mugimenduko kideen arabera.

Balorazio orokorra egin duten arren, herriz herri ere tokiko balorazioak egitea nahi dute, eta horretarako gidoia prestatu dute.

Lacroixek borrokaldia utzi du

Gose greba utzi du Naia Lacroix senpertar gazteak, Dijon eskualdeko presondegi batera mugituko dutelako. Bertan beste euskal preso batekin izanen dela baieztatu diote. «Errepresio neurri bat beste errepresio neurri batez ordezkatua da», Gabi Muesca Herrira mugimenduko kidearen hitzetan. Hain zuzen, 850 kilometrora izanen da preso, «onartezina» den sakabanaketa pairatuz.

Lacroixen berri emateko prentsaurrekoa egin zuten atzo Senperen. Bertan egon ziren Herrira-ren ordezkariak, senideak, Etxerat-eko kideak, lagunak eta herriko hautetsiak, Christine Bessonart auzapeza barne.

Maiatzaren 14an hasi zuen gose greba, beste euskal presoekin elkartua izatea exijitzeko. Eskaera honi ez baldin bazioten erantzun baikorrik ematen, egarri greba hastekoa zuen gaur. «Egarri grebarekin hamar eguneko bizi esperantza dago, ezagutu behar ez den egoera zinez arriskutsua da», zioen atzo Jean-Philipe Narbayk, Lacroixen medikuak.

Bestalde, Bizi osorako presondegi zigorrarekin bukatu orain lelopean, elkarretaratzeak eginen dituzte ostiral honetan. Herrira mugimenduak nahi du mobilizazio horiek modua izatea Jon Kepa Paroten baldintzapeko askatzea hirugarren aldiz errefusatu izana salatzeko. Parot duela 23 urte preso sartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.