Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena. Laura Mintegi. EH Bilduren lehendakarigaia

«Gobernatzen egongo bagina bezalako jarreraz jardungo dugu»

Datorren legealdia emankorra izango dela seguru dago, eta hala izan dadin laguntzeko asmoa du. Guztien arteko itunen alde dago, baina EAJk eta PSEk ezkutuko akordioa duten susmoa du.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kanpaina amaitu den arren, dituen ardura guztietara ezin iritsi dabil Laura Mintegi (Lizarra, 1955). Zergatik den badakiela dioen arren, ezin duela saihestu ziurtatzen du: «Gauzak ondo egitea gustatzen zait, eta hartutako konpromisoak betetzen ditut. Ezin dut inor bazterrean utzi». Bihar du urteguna: 57 urte beteko ditu.

Hauteskunde emaitzen balorazio gazi-gozoa egin du EH Bilduk. Zer du gozotik eta zer gazitik?

Nik gozoagoa egiten dut gazia baino. Inoiz ez dira egon subiranistak eta ezkertiarrak horrenbesteko presentziarekin Legebiltzarrean. Egia da inkesta batzuek emaitza hobea ematen zigutela, baina egiazko datua 21ekoa da. Neronek alde ona ikusten diot, batez ere aukera ikaragarri ona ematen digulako lan egiteko hurrengo legealdian. Beste alde batetik, zenbakiak nola geratu diren ikusita, oso dinamikoa izango dela dirudi. Ez dago ezer itxita. Ez dago 38 sortzerik bakarrik bi indarrekin, eta horrek esan nahi du dinamikotasun hori lehenengo momentutik egongo dela. Hori positiboa dela uste dut.

Bi indarrekin ezin dela gehiengoa sortu esanda, EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa baztertzen ari zara?

Ez, nik ez dut ezer baztertzen. Gainera, orain ez dagokit niri iniziatiba hartzea. Esan nahi dut ezkerreko eta eskuineko alderdien batuketak eginda, batek ere ez duela lortzen 38 hori. Eta, oro har, ona iruditzen zait hain zabalik geratu izana.

Zer aukera ematen ditu?

Elkarrizketarako eta akordioetarako aukera. Denekin hitz egin behar dela esan dugu hasieratik. Orain, zenbakiek ere bultzatu egiten gaituzte horretara. Jadanik ez da jarrera politiko bat soilik. Estrategiaren ikuspuntutik ere ezinbestekoa izango da.

Zer ekarriko du gehiengo abertzalea duen Legebiltzar honek, zure ustez?

Zenbaki bat argi geratu bada, da hirutik bi abertzaleak garela. Ñabardura ezberdinekin, hori ere egia da. Baina orain ikusiko da egiatan zein den EAJren barruan gailentzen den joera. Betidanik egon dira bi joera, autonomikoa eta independentista. Hilaren 21ean Urkulluren zaleek «independentzia» oihukatu zuten, eta nik ez dakit hori gau bateko euforia den bakarrik edo egiatan sentimendu baten adierazpena. Pentsatu nahi nuke legealdi honetan aurrerapauso ikaragarri handiak emango direla bide horretan, inondik inora deskuidatu gabe arlo ekonomikoa. Horri lehentasuna eman behar diogu.

Edozein modutan, EAJk beste estatus politiko baten beharra aldarrikatzean, autogobernuan aurrera egitea jarri du lehentasun gisa.

Autogobernua mugatua da. Oso tarte txikia dauka Madrildik inposatzen diren neurrien aurrean. Orduan, halabeharrez, egiatan eman nahi badizkio soluzioak arazo ekonomikoari, gobernua beharturik egongo da subiranotasunaren ildoan sakontzen. Jadanik ez da horrenbeste izango kontu ideologikoa, kontu praktikoa baizik, hau da, krisi ekonomikoari erantzunak eman ahal izateko. Bestela, esku-loturik egongo da zenbait neurriren aurrean.

Independentziaren biderantz tira egiteko asmoa du EH Bilduk?

Independentistak gara.

EAJ bide horretara eramaten saiatuko da?

Bai, baina berriz ere azpimarratu nahi dut: lehentasuna momentu honetan egoera ekonomikoa da. Ez gara tematuko lehenengo egunetik energia guztia ipintzen kontu identitarioan, jendearen arazo nagusia hilero hipoteka ezin ordaindu ibiltzea denean.

Arlo ekonomikoari heldu behar horretan, ezkerra ez da gehiengoa Legebiltzarrean. EAJk, PPk eta UPDk gehiengoa osa dezakete, edo, bestela, EH Bilduk, PSEk eta UPDk. Zer aukera ikusten dituzu?

UPDri entzun diodana gai fiskalaren edo justizia sozialaren inguruan oso bat dator guk esaten dugunarekin. Beraz, eusten badio esandakoari, elkarguneren bat egongo da. Alderdi sozialistak esandakoa ere ez dago oso urrun guk esaten dugun horretatik, zenbait arlotan, guk ezarriko genukeen politika ekonomikoa askoz ausartagoa eta ezkertiarragoa izan arren. Gainera, hiru urtean egon da gobernuan eta ez du ezkerreko politika egin. Edozein modutan, guk indar guztiak ipiniko ditugu ezkerreko politika egiteko.

Urkulluk esan du akordio orokor eta egonkorrak nahi dituela hiru gai nagusien inguruan. Posible izango da EH Bilduk horrelako akordio bat egitea EAJrekin?

Edukia zein den jakin gabe ezin dut erantzun. Edukiaren arabera izango da posible edo ez. Edozein modutan, indar guztiok argi dugu akordioak ezinbestekoak direla, eta horretan bat baldin bagatoz, bidearen erdia egin dugu.

Hitz egin duzu Urkullurekin?

Igandean bertan zoriondu nuen, eta biharamunean erantzun zidan mezua, esanez berak ere aintzat hartzen zituela gure emaitzak eta laster deituko zidala bilera baterako.

Datorren asterako?

Hori prentsaren bidez dakit.

Dena den, akordioak iristeko jarrera ona ikusi diozu?

Bere aldetik eta gure aldetik; bien aldetik ikusten dut jarrera ona akordioetarako.

Eta gai sozialei dagokienez?

Gai sozialei dagokienez ere, guztiekin aritu behar dugu. Egoeraren larritasuna ikusita, kapaz izan behar dugu erantzunak emateko jendeari. Pertsonak ipintzea politikaren erdigunean ez da izan behar lelo elektoralista bat. Eta arlo ekonomikoari buruz esaten duten guztia sinisten badute, lehenago edo beranduago hurbilduko dira EH Bilduren jarreretara, gure ardatz nagusia pertsonen aldeko politika egitea delako. Politika neoliberala egiten badute, oso urrun egongo dira. Baina pertsonen aldeko politika egin nahi badute, beraiek uste dutenbaino hurbilago egongo dira gugandik.

Bakegintzari dagokionez, Urkullu babesteko aukera ikusten duzu?

Ikusi behar da zer proposatzen duen, baina Aieten elkarrekin egon ginen eta abiapuntu ona izan zen. Uste dut bide horretan sakonduko dugun guztia aldekoa izango dela eta orain han egon ez zirenak eremu horretara hurbiltzea lortu behar dugula.

Hauteskunde emaitzei begiratuta, esan daiteke olatua gelditu dela?

Ez, ez. Nik uste dut hausnarketa egin behar dela, noski; baloratu ondo emaitza guztiak, Arabako eta Bizkaiko emaitza onak, Gipuzkoako datu ez hain onak, eta beste alderdiek egin dutena. Balorazioa egin behar da modu globalean. Baina gure sabaia ez dugu ukitu, batez ere bi arrazoirengatik: batetik, ikusten dugulako ia 60.000 boto joan direla ezkerrera, baina alferrik galdu direla zatiketengatik. Eta abstentzioarena oso datu garrantzitsua da. Hainbat jende politikarekin desengainatua dagoela erakusten du. Guk esan dugu eta demostratuko dugu badagoela politika egiteko beste modu bat. Lortzen badugu ilusionatzea etsiturik dagoen jendea, hazteko eremu zabala dugu.

Zer gertatu da Gipuzkoan?

Gipuzkoan bi gauza pasatu dira: alde batetik, oposizioan egon diren alderdi guztien proba eremua izan dela, ikusteko nola egin daitekeen kontrako politika aldekoa baino. Politika negatiboa egin da zentzu polisemikoenean. Onartu egin behar da autokritika ere bai. Uste dut pedagogia falta egon dela. Uste dut, agian, urtebetean oso politika aurrerazaleak eta herritarren inplikazioa behar dutenak ezartzeko, partaidetzaren arloa hobeto zaindu behar zela. Oso ondo azaldu behar zen. Ondo azaldu den lekuetan ez da arazorik egon, eta emaitza positiboa izan da. Horrek erakusten digu bidea: politika aurrerazale bat ezarri nahi duzun bakoitzean, lehenengo eta behin ondo azaldu behar da, eta, batez ere, jendearen aldetik esfortzu pertsonala eskatzen duenean. Baina horrek ez du esan nahi politika txarra denik, eta ez du esan nahi egin behar ez denik. Beste faktore batzuk ere badaude, baina azterketa pausatuagoa egin nahiko nuke. Laster egingo dugu balorazio zehatzagoa, eta nahiago dut horri itxaron.

Politika egiteko beste modu bat ezarri nahi duzula kanpainan. Nola egiteko asmoa duzu?

Oso oposizio eraikitzailea eginda. Gure helburua ez da ezezkoaren eremuan kokatzea, gauden lekuan gure politika egitea baizik. Edozein politikak gu kontuan hartu beharko gaitu, eta dugun indarrari esker, inziditzeko aukera daukagu. Kanpainan adierazi dugun guztia aurrera eramatea da nire helburua, eta, horretarako, ahalik eta modu zabalenean jokatuko dut. Uneren batean bat etortzen banaiz PPrekin, UPDrekin, PSErekin edo EAJrekin, enpatxurik ez dut izango akordioak egiteko helburu sozialak edo politikoak lortzeko. Politika baldintzatu eta konponbideak emateko aukera ikaragarri ona dugu. Gure jarrera guztiz eraikitzailea da: egitekoa. Gobernatzen egongo bagina bezalako jarrerekin jardungo dugu.

Inbestidura saioan Urkulluri babesa emateko aukera ikusten duzu?

Erabakia hartu gabe dago, baina, edozein modutan, guk ez dugu oztopatuko bera gobernuan egotea eta bera lehendakaria izatea.

Zeure burua aurkeztuko duzu lehendakaritzarako?

Hori erabakitzeko dago.

Nola uste duzu osatuko dela Jaurlaritza?

Kolore bakarreko gobernua ikusten dut. Ez dut uste EAJk beste alderdirik sartuko duela gobernuan. Ahaleginduko da egiten akordio orokor bat hiru arloetan, baina kostatuko zaio lortzea, eta azkenean akordio partzialak egin beharko ditu. Eta uste dut zenbait karta dituela ezkutatuta. Akordio ez agerikoak, esan dezagun.

PSEri buruz ari zara?

Bai. Uste dut karta hori ere gordeta daukala, eta uste dut garbi jokatu beharko genukeela guztiok parlamentuan. Gardentasuna eskatuko nuke.

Patxi Lopezek esan du EAJrekiko akordioa zail ikusten duela, eta minduta agertu da EAJren jarrerarekin.

Batzuetan, pertsonak plantak egiten dituenean nabaritu egiten zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.