«Gobernu programa ia bukatuta dago, azken hariak lotzea bakarrik falta da». Hala mintzatu da gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako jarduneko sailburua Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Irailaren 3an egingo du Eusko Legebiltzarrak inbestidura saioa eta EAJren hautagaia, Iñigo Urkullu izendatuko dute lehendakari; lehen aldiz, ez lukete bigarren itzulian bozketarik egin beharko, EAJk gehiengo osoa izango baitu, jeltzaleen 31 botoei PSE-EEren hamarrak batuta. Horretarako ordea, gobernu akordioa sinatu behar dute lehendabizi.
Tapiak nabarmendu duenez, gobernu programaren nondik norakoak ia bukatuta daude eta behin horiek bukatuta Urkulluk erabaki beharko du exekutiboa nork osatuko duen. «Lehendakariak erabaki beharko du sailen banaketa nola egin». Izenak baino, egin beharreko lana garrantzitsuagoa dela nabarmendu du, ordea, Tapiak. «Garrantzitsua zer egingo dugun da, datorren lau urteetan izango dugun egoerari nola helduko diogun, zer egitura den egokiena Gobernuan horri aurre egiteko eta lehenbailehen lanean hasteko, ez bakarrik Eusko Jaurlaritza gisa, baizik eta gizarte gisa», adierazi du.
Hainbat kazetak berri eman dutenez uste baino gehiago atzeratzen ari da gobernua osatzeko akordioa. Hala, hasieran batean datorren astean aurkeztekoa bazuten ere, badirudi negoziazioak gehiago luzatuko direla. Irailaren 3an izango da inbestidura, alta, hori baino lehen akordioa onartu beharko dute PSE-EEren oinarriek.
Azken legegintzaldian hiru sail egon dira sozialisten esku, eta litekeena da datorrenean ere indar korrelazioa mantentzea. Hainbat iturriren arabera, Idoia Mendia lehendakariordea izatea nahi dute sozialistek, ikusteke dago ordea jeltzaleek onartuko duten hori. Iñaki Arriolaren figura da zalantza sortzen duen bertzea. Izan ere azken legegintzaldian Ingurumen diputatua izan da Arriola, baina Zaldibarko luiziak ezbaian jarri du bere kudeaketa eta hainbat elkarte eta sindikatuk eskatu dute ez dezala gobernuan jarraitu.