Jonbe Agirre eta Nahia Aboitiz. Errekaleor Bizirik elkarteko kideak

«Gogoa apaldu beharrean, kontrakoa lortu dute»

Argindar kableak mozteagatik, PPren eta EAJren jokabidea kritikatu du Errekaleor Bizirik elkarteak, eta auzoan parte hartzeko deia egin die Gasteizko zein Euskal Herriko herritarrei.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Errekaleor argitzen jarraituko dugu». Errekaleor Bizirik elkartekoek auzoan jarraitzeko asmoa berretsi dute, Iberdrolak argindarra kendu eta 24 ordutara. Gasteizko auzo horretan bizi diren ehun lagunek —askotariko soslaiak dituzte—, eguneroko bizitza beste modu batean egin behar badute ere, «kohesioa» indartzeko balio izan duela azaldu dute. Jonbe Agirrek (Gasteiz, 1991) eta Nahia Aboitizek (Lekeitio, 1992) astearteko gertaerez hausnartu dute, baita etorkizunera begira egoera zein den aztertu ere.

Nolakoak izan dira lehen orduak argindarrik gabe? Nola eman zenuten astearteko gaua?

NAHIA ABOITIZ: Elkarretaratzearen ostean, gizarte etxean bildu ginen denak. Su handi bat egin genuen, eta denon artean prestatu genuen afaria. Etxe gehienetan gasa dago; janaria prestatzeko aukera bazegoen ere, elkarrekin egotea bilatu genuen, aurreko tentsio guztia deskargatzeko eta elkarri gertatutakoaren berri emateko. Giro polita egon zen!

JONBE AGIRRE: Kohesio handiagoa lor daiteke horrela. Zenbat eta baldintza zailagoak izan auzoan, bizilagunon artean gero eta indar gehiago izango dugu. Kohesio handiagoa egon da.

Iberdrola Udaltzaingoak eta Ertzaintzak babestuta sartu izana nola baloratzen duzue biharamunean?

J. A.: Nahiko balorazio ona egiten dugu, ikusita Eusko Jaurlaritzatik, Udaletik eta Iberdrolatik egin nahi zuten jokaldia. Alde batetik, argia inor konturatu gabe moztuko zutela pentsatzen zutelakoan gaude. Ordea, azkenean gero eta jende gehiago bildu zen, eta nolabaiteko erresistentzia ere egin genuen; aurpegia eman genuen, eta irregulartasunak salatu genituen. Indartuta aterako gara.

N. A.: Auzokideok zein kanpotik etorritakoek izan zuten jarrera modu positiboan baloratzen dugu. Gasteiztarrak zein inguruko pertsonak bertaratu ziren, baita arratsaldean ere, zelan geunden jakitera. Pila bat eskertu dugu hori. Gogoak apaldu beharrean, kontrakoa lortu dute, indar gehiagorekin jarraitzea.

Eusko Jaurlaritza aipatu duzue. Argia mozteko erabakia Industria Sailak eta Iberdrolak hartu zuten. Zergatik uste duzue horrela jokatu dutela?

J. A.: Ez da ustekabea. Jakin badakigu EAJ dela gu hemendik joateko interes handiena duena. Bere burua hiria gobernatzen ikustendu maiatzetik aurrera, eta gustatuko litzaioke Errekaleor legegintzaldi honetan hustea; hartara, PP arduradun bakarra litzateke, eta haiek garbi aterako lirateke. Hori antzeman diegu hasieratik, eta hala adierazi dute.

Gorka Urtaran EAJko alkategaiak, argindarra mozteko ekinbidea kritikatu arren, Errekaleor eraisteko asmoa berretsi du.

N. A.: Hasieran, Errekaleorren gutxi batzuk bizi ginenean, Urtaran bera etxera etorri zen. Azaldu zigun auzoa txarto egindako zerbait zela, suntsitu beharrekoa beste egitasmo bat egiteko: ortuak. Dena den, behin baino gehiagotan errepikatu zuen azken jabea joan arte hemen egoteko baimena emango zigula.

Eta zein da etxebizitzen jabe diren bizilagunen egoera?

N. A.: Batzuek ezin dute alde egin egoera ekonomikoaren ondorioz, eta beste batzuek ez dute alde egin nahi. Ez dute haien burua beste inon bizitzen ikusten. Horrenbestez, arazoak izan ditzaketenez, udaletik goragoko administrazioetara jo dute.

Argindarra mozteko arrazoia «argindar sarearen irregulartasun larriak» dira. Kable guztiak moztu dituzte?

J. A.: Bizilagun batzuek oraindik argindarra daukate. Horrekin agerian utzi dute haien asmoa: etxebizitzak okupatzera etorri eta auzoa biziberritzeko lan egiten ari garenok hemendik ospa egitea. Bestela ez du zentzurik etxe batzuei argia kentzeak, eta beste batzuei ez. Txostena etxe gutxi batzuen azterketan oinarritu dute, baina aztertu ez zituzten etxeen kableak ere eraman dituzte.

Den den, txostenaren arabera, etxeek osasun eta egitura baldintzak betetzen dituzte.

J. A.: Ez dago halako arazorik, eta, horrenbestez, ezin dituzte agindu kautelazko etxe husteak. PP eta EAJrentzat egokiagoa litzateke gu zabor eta arratoi artean bizitzea, hemendik azkar bota ahal izateko, baina ez da hala. Horregatik jo dute argindarraren aurka.

21 Zabalgunea udal agentziako bileretan zenbait etxetara argindarra itzultzeko aukeraz hitz egin zela esan da.

N. A.: Zurrumurruak baino ez dira. Jakina den bakarra da EAJ ez zela bileretara agertu. Bizilagun batzuek auzitara jo dutela ere aipatu zen, eta ezin zaiela argindarra moztu. EH Bilduk zerbait aipatu zuen, baina ez dakigu ezer.

EH Bilduk kableak mozteko erabakia irregularra zela salatu du,eta 21 Zabalgunetik pasatu gabe bidali zutela txostena.

J. A.: Horrek erakusten du gu hemendik botatzeko duten presa. Paradoxikoa da arratsaldean 21 Zabalguneko bilera izanda, goizean moztea kableak.

Hemendik aurrera zein ildotan egingo duzue lan?

N. A.: Oraingoz denok batera jango dugu, eta, besteak beste, eremu komunak antolatuko ditugu gizarte etxean: dela arropa garbitzeko, dela janaria prestatzeko...

J. A.: Bestetik, egitasmoagehiago zabaldu nahi dugu. Kontuan hartuta udaberrian eguraldiak lagundu dezakeela, saiatuko gara gero eta ekintza gehiago antolatzen, jendea gerturatu dadin.

Gasteiztarrei Errekaleorrera hurbiltzeko deia egin diezue.

J. A.: Bai, gonbitea luzatu nahi diegu gasteiztarrei eta euskal herritarrei, auzoa haiena egin dezaten. Espazioa zabaldu nahi dugu, hemen bizi ez arren parte hartu ahal izateko. Musikgerrilla kolektiboa saioak egiteko lekua atontzen ari da, guraso batzuek haur eskola bat abiaraziko dute... Gero eta anitzagoak izan nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.