«Hau ez da mundu eder bat». «Gaitasunik ezari buruzko egia edulkoratuta dago beti». «Cris existitzea ez da justua». Izenburuak dira horiek guziak, berriki Andres Aberasturi kazetariak (Madril, 1948) Cómo explicarte el mundo, Cris (Nola esplikatu zuri mundua, Cris) liburuaren argitalpenaren harira emandako elkarrizketetakoak. Garuneko elbarritasun larri batekin jaiotako semeari —Cristobal Aberasturi Paez, 1980an sortua— eskainitako liburua da, eta Donostian hizpide izan zuen lehengo asteburuan.
«Edulkoratutako» mezuak alboratu dituzu liburuan. Inor mintzeko beldurrik izan duzu?
Ez. Bueno, hasieran liburu bat izango zen ere ez nekien argi. Gutun antzeko bat izatea nahi nuen.Eta behin eta berriz errepikatu dut nire egia kontatu dudala. Egoera berean dauden beste hainbat pertsonak beste egia bat izango dute akaso. Nire esperientzia kontatu dut; gordin, baina samurtasun handiarekin.
Egoera mingarrietan, horiek eztitzera nork egiten dute gehiago? Horiek bizi dituztenek? Edo ingurukoek, besteen errealitatearen gordinak izututa?
Gaitasunik ezei buruz hitz egitean, gehienetan, Downen sindromeez, autismoez eta antzekoez jardutera jotzen da. Aldiz, inoiz gutxitan hitz egiten da behe-beheko mailez, gurearen antzeko kasuez. Baina garuneko elbarritasun larriak dituzten pertsonak badira, horrez gain hainbat patologia erantsi dituztenak; krisi epileptikoak, arnasteko arazoak, itsutasuna ere bai sarri... Egoera gogorrak dira, eta hedabideetan agertu ere ez dira egiten gehienetan: gizarteak ikusi ere ez ditu egin nahi. Nire semea dagoen zentrora-eta jendea bisitan doanean, oso gogorra da gehienentzat: han ikusten dena ez da atsegin emailea, ez da kontsolagarria. Kontsolagarria den bakarra da hango samurtasuna, inozentzia; baina han bizi diren istorioak gogorrak dira. Gurasoen partetik, berriz, esango nuke hiru jarrera daudela. Badira tragedia erabatekoa egiten dutenak, eta horren inguruan ardazten dutenak dena. Badira «ez da ezer gertatzen» esaten dutenak: «Asko gustatzen zait horrelakoa izatea». Ez dut uste egokiena denik. Hirugarrenik gaude egoera onartzen saiatu, eta horrekin bizitzen saiatzen garenak; ezin zaio uko egin zoriontsu izateari. Seme bat gehiago da, gure ardura eta egitekoa, beste hainbat egitekoren artean.
Bide luzea behar izan duzu gogoeta horiek horrela josteko?
Orain dela hemezortzi urte poema luze bat idatzi nuen gai honen inguruan; baikorragoa zen hura, ezberdina. Honako hau gizon zahar batek idatzitako liburua da, 68 urte dituen gizon batek idatzitakoa; ulertu du egia esan behar duela, gustatu edo ez gustatu. Benetan kontatu nahi izan du zer den inkomunikazioa: ez jakitea zer pentsatzen duen semeak, haren hitzik ez inoiz entzutea, hura eskutik ez inoiz eramatea... Horri buruz gogoeta egitean, egoera bidegabea dela ulertzen duzu: iruzurra.
Semearen autonomia faltaren aurrean, zuek zarete haren jagoleak. Osasun arazo larriak-eta izan ditu, eta haren izenean erabaki behar izan duzue. Nolako sostengua atzeman duzue osasun sisteman horrelakoetan?
Egoera bat egon zen zeinean semea oso larri egon zen: aurrera ateratzeko aukera urriekin. Medikuak esan zidan nahi bagenuen «lasai utz» genezakeela. Ez da eufemismo bat besterik. 18 urte bizitzea lortu zuela esan zidan; lasai joaten utz zitekeela. Adierazi zidan septizemia sendatzea lortzen bazen ere, mendekotasunak lehengoan jarraituko zuela, harrapatzen zituen pneumonia guztiek ere bai... Amari egin nion galdera: argi nuen harenak izan behar zuela azken hitza. Ama eta anaia elkarrekin zeuden, biek aurrera jarraitzea erabaki zuten: alegia, osatzeko ahalegina egitea.
Eskertu zenuen medikuak proposamena era horretan egitea?
Bai, eskertu egin nuen, eta eskatu ere egiten dut niretzat, nire ingurukoentzat eta nire semearentzatberriro ere antzeko egoera batean badago. Eta orain gertatuko balitz, gainera, ezberdin jokatuko genuke seguruenera. Orain berriro une zail bat pasatu du semeak, ez da hiltzeko zorian egon, baina tratamendu oso bortitz bati egin behar izan dio aurre. Berriro mintzatu gara gaiari buruz emaztea eta biok, eta bat etorri gara: orain dela hemezortzi urteko egoeran berriro ikusiko bagina, orain ezberdin jokatuko genuke.
Asko hitz egiten da halako egoera zailen ondorioz ikasten den guztiaz. Deus ikasi al duzu zuk?
Madarikatu egiten dut nire semearen sufrimenduaren ondorioz ikastea lortu dudan ezertxo ere. Moralgabea iruditzen zait horren ondorioz ezer ikasi dudala esatea. Objektiboki bai, bizitza beste era batean ikusten ikasten duzu... Baina bi beso emango nituzke gorabehera horien berri ez duen ergel erabateko bat izateagatik eta seme osasuntsu bat izateagatik; seme libre bat, bere askatasunaren zorabioa bizi duena, eta ez dagoena aulki gurpildun batean.
Kosmetika hutsa dira aniztasunaren aldeko kanpainak?
Integrazioaz asko hitz egiten da; baina argi izan behar da badagoela elbarri talde bat ez dena inoiz integratuko. Gizarteak integratu behar ditu pertsona horiek. Elbarrientzako pentsatutako tailerrez hitz egiten da, politikariek horietara egiten dituzten bisitez, edo elbarrientzako etxe tutoretzapekoez. Eta ongi dago horrelakoak izatea. Baina inoiz inolako tailerrik egiteko gai izango ez diren elbarriak badira... Maila bat badago beherago: inor ez da horra jaisten.
Andres Aberasturi. Kazetaria
«Gogoeta egitean ulertzen duzu egoera bidegabea dela: iruzurra»
Garuneko elbarritasunarekin jaio zen seme bat du, eta arrangura bat: hura beti mendekoa izango dela jakitea. Hitz bat ebakitzeko gai ere ez da izan inoiz. Gogoeta gordinen izurik gabe, liburu bat idatzi du gaiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu