Politikariak, euskalgintzako ordezkariak, sindikalgintzakoak, agintariak, kazetariak, aparteko kargurik gabeko herritarrak. Guztiek lekua izan zuten, atzo, San Telmo museoan egin zen mahai inguruan. Hasterako, ia ez zen eserlekurik libre. Denek bazituzten motibo ugari ekitaldira joateko. EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko ordezkari Xabier Isasi, esate baterako, sartu zen «entzun eta ikasteko» gogoz. Nazioartean subiranotasunaren bidean diren herrialde hainbaten esperientziari begira, gogoetarako hainbat gai direla onartu zuen, eta, horregatik, Norabidea bloga abiatzea txalotu zuen. «Gogoeta beti izan da beharrezkoa», azaldu zuen. «Eta abagune berezian gaude».
Euskaren Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere bertan zen. Kataluniatik zer ikasia franko dagoela uste du. «Hizkuntzaren afera ondo kokatzen ari dira bertan orain duten prozesuan», adierazi zuen. Norabidea blogean sortzen diren eztabaidetan hizkuntzaren gaia txertatzeak berebiziko garrantzia uste du, eta euskalgintzak hor ere presente egon behar duela. «Halako foroak beti dira garrantzitsuak. Hitz egiten jarraitu behar dugu». Antzera mintzatu zen Joxe Manuel Odriozola idazlea, hizkuntzari buruzko hainbat gogoetaren egilea. «Asko dugu pentsatzeko». Euskal Herrian politika egiteko «metodologia berriak» abian diren heinean, horiei buruzko gogoeta ezinbestekoa dela azaldu zuen. Hizkuntza orain arteko hausnarketa askotan «gai baztertua» izan dela esan zuen eta garrantzitsua dela ikuspegi zabalagotik aritzea. Horretarako bidea nahi luke Norabidea-n.
Jakin aldizkariko zuzendari Joan Mari Torrealdaik oroitarazi zuen gogoetarako akuilu dela beren argitalpena ere, eta, alde horretatik, ongietorria eman behar zaiola Norabidea-ri. Euskal Herria «aro berri batean» murgilduta dagoela sinetsita, gogoetarako urrats oro arrunt «positiboa» iruditzen zaio. «Garrantzitsua da, batez ere, etorkizun hurbilaz aritzea, burutazioetan galdu gabe».
Aralar taldeko eurodiputatu Iñaki Irazabalbeitia ere mahai ingurura gogotsu hurbildu zen. «Uste dut behar beharrezkoak direla subiranotasunaren inguruko eztabaidak», azaldu zuen. «Independentziara nola heldu? Horixe da galdera, eta iruditzen zait ez dagoela argi erantzuna».
«Pozik gatoz». Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek agerian utzi zuen ekitaldiarekiko atxikimendua heldu orduko. Norabidea-n itxaropena badu: «Jorratu beharreko bide bat da; pozgarria da ikustea jendea badagoelako egiteko». Antzera mintzatu zen LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide. «Eztabaida asko ditugu egiteko», adierazi zuen. «Eta eztabaidek ikuspegi gehiago ekarriko dituzte». Horretarako «mahai baten bueltan» eseri behar dela oroitarazi zuen.
Harrera beroa
BERRIA Taldeak, Hamaika Telebistak, Udalbiltzak, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz institutuak, LABen Ipar Hegoa fundazioak eta EHUren Euskal Nazionalismoa XXI masterrak elkarrekin abiatu dute www.norabidea.info, eta eragile horietako ordezkariak atarian izan ziren hurbildu zirenei harrera egiteko. Izan ziren absentziak; Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, esaterako, agertzekoa zen, baina, larunbatean izandako ondoezaren ondorioz, ezin izan zuen. Diputatu nagusiaren kabinete-buru Agurne Barruso, aldiz, hantxe zen. Kazetari ezagunak baziren; esaterako, Mariano Ferrer. Baita Luistxo Fernandez ere, Sustatu Interneteko albistegian mahai inguruaren berri emateko. Euskal Herriko «inorabidean» Norabidea lagungarria izan daitekeela onartu zuen. Izen ezagunen artean, unibertsitatekoak ere bai: Iñaki Alegria UEUko zuzendari berria, eta Josu Txueka EHUko irakaslea, esaterako. Eta ezezagunen artean, berriz, Maixabel Gaztañaga, beste hainbaten artean. «Horrelakoak beti interesatu zaizkit, auzokoa naiz; hurbildu egin naiz». Denentzat da abian Norabidea.info.