Memoria historikoa

Gogora-k eskuragarri jarri du espetxe frankistetako biktimen datu basea

1936-1945eko aldian kartzela frankistetan egondakoen datu baseak 37.000 fitxa baino gehiago ditu, eta Memoriaren Institutuaren egoitzan kontsultatu daiteke, Bilbon.

Ondarretako kartzelari buruzko erakusketa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 23a
10:14
Entzun

Kontsultarako eskuragarri dago gaurtik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1936-1945eko aldian espetxe frankisten biktima izan zirenen datu basea. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan egin daitezke kontsultak, Bilbon. Gaur egun, preso egondakoei dagozkien 37.000 fitxa baino gehiago biltzen ditu datu baseak; horietatik 5.000 inguru emakumeenak dira, eta 32.000 inguru gizonenak. Hala ere, aurreikuspenen arabera, ikerketa amaitutakoan 60.000ra iristea espero da, Gogora-k jakinarazi duenez.

Datu base hori 1936-1945 bitarteko frankismoko espetxe sistemaren biktimei buruzko ikerketaren parte da. «Oraindik garapen fasean dago, eta, aldi berean, lan zabalago batean txertatzen da, Gerra Zibiletik 1978an demokrazia iritsi arteko giza eskubideen urraketak ikertzea baitu helburu».

Kontsulta egin nahi dutenek ordua eskatu beharko dute, 944-03 28 45 telefonora deituz.

Gogora-k orain eskuragarri jarri duen datu basea ez da 1936-1945eko aldiari dagokion datu base bakarra. 2021ean beste lan bat jarri zuen kontsultatzeko, epe horretan gerran eta gerraostean hildakoak aintzat harturik. Ia 21.000 fitxa biltzen ditu lan horrek; horietatik 19.962 gizonezkoak dira, eta 977, berriz, emakumezkoak. Beste 31 pertsonaren sexua ezin izan du zehaztu Gogora-k. Ikerketa horrek, halaber, azaleratu du beste 7.796 hilobi aurkitu gabe daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.