Gogorak senideei emango dizkie Urduñako espetxe frankistan hildako bi lagunen gorpuzkiak

Badajozen (Espainia) lurperatuko dituzte Domingo Galindo Gonzalez eta Inocencio Gallardo Rebolledo. Espetxe hartatik 71 lagunen gorpuzkiak atera ditu Aranzadik, eta zazpi identifikatu dituzte.

URDUÑA GORPUZKIAK - 1936KO GERRA
Identifikatutako beste bost lagunen gorpuzkiak senideei emateko ekitaldia, uztailean, Urduñako hilerrian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 17a
11:45
Entzun

Gogora Institutuak jakinarazi du Urduñako (Bizkaia) espetxe frankistan identifikatutako Domingo Galindo Gonzalezen eta Inocencio Gallardo Rebolledoren gorpuzkiak euren senideei emango dizkietela asteburuan. Hilerri hartatik berreskuratutako 71 gorpuzkietatik zazpi identifikatu dituzte orain arte, eta Galindorenak eta Gallardorenak izan ziren azkenak, irailaren amaieran.

Jakinarazi dutenez, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Aranzadi zientzia elkarteko antropologo Lourdes Herrastik euren jaioterrietan emango dizkiete gorpuzkiak bi lagunen familiei. Biak ere Espainiako Badajoz probintziakoak ziren. Gallardo, Magacelakoa, 1941eko martxoaren 29an hil zen Urduñan, 56 urterekin. Orain, haren bilobek jasoko dituzte gorpuzkiak. Galindorenak, berriz, haren alabak jasoko ditu; hark eman zuen DNA lagina, bere aita identifikatzeko balio izan zuena. Galindo 1941eko martxoaren 8an hil zen, 45 urterekin.

1937tik 1941era bitarte 225 preso hil ziren Urduñako espetxe frankistan. Han, 2014tik 2022ra bitarte indusketa lanak egin dituzte Eusko Jaurlaritzak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Urduñako Udalak, eta 71 lagunen gorpuzkiak identifikatzeko lanean ari dira ordutik. Gogora institutua 65 familiarekin jarri da harremanetan, DNA laginak hartu eta identifikazioak joateko. Uztailean eman zuten lehen identifikazioen berri: Fructuoso Llorens Tolesano, Alfonso Tena Prieto, Alejandro Gomez Hidalgo, eta Manuel eta Salvador del Amo Jimenez anaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.