Goi kargudun ohientzako erretiro osagarriak mantenduko dituzte

Legeak ezarritako erretiro maximoa nabarmen gaindituko dute; PSEk eta EAJk adostu dute neurria

Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordeko kideak, atzo. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
60 urte baino gehiago duten Eusko Jaurlariko goi kargudun izandakoek eutsi egingo diete kargu horiek betetzeagatik egun jasotzen duten erretiroaren osagarriei. Horiek direla medio, egun 60 urte baino gehiago duten lehendakariorde, sailburu eta sailburuorde ohiek —baita lehendakari ohiek ere— nabarmen gaindituko dute erretiro maximoa (35 urte lan egiteagatik jasotzen dena: 35.000 euro urtean edo 2.500 euro hilean). Neurria haiei eragingo die soilik, adin horretatik beherakoek ezin izango baitute muga hori gainditu.

PSE-EEk eta EAJk adostu dute neurria. Euskal politikariaren eta goi kargudun publikoaren estatutua erreformatzeko txostena eztabaidatu zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean. PSE-EEk eta EAJk adostutako neurria, baina, ez da alderdi guztien gustukoa izan. PPk, Aralarrek, EAk eta UPDk gogor kritikatu dute erabakia. Horrek, gainontzeko herritarrekiko «pribilegio» edo «tratamendu berezi bat» ezartzen duela salatu dute.

Egun 81 goi kargudun ohi daude egoera horretan: bi lehendakari ohi, 32 sailburu ohi eta 47 sailburuorde. Horietatik 37k 30.000 euro baino gehiagoko erretiroa jasotzen dute urtean; 29k, 20.000 eta 30.000 euro artean, eta gainontzekoek, 20.000 euro azpitik. Erretiro maximoa jasotzen dutenek, gainera, hainbat osagarri jasotzen dituzte: 10.300 euro urtean lehendakariorde ohiek, 8.200 euro urtean sailburu ohiek eta 4.650 euro urtean sailburuorde ohiek.

PSE-EEk eta EAJk adostutako neurriak egun 60 urte baino gehiago duten eta erretiroa hartu duten bi lehendakari ohiei ere eragingo die: Carlos Garaikoetxeari eta Jose Antonio Ardanzari.

Sozialistak eta jeltzaleak euren gehiengoaz baliatu dira neurri hori eta beste batzuk biltzen dituen euskal politikariaren eta kargu publikoen estatutua onartzeko. 13 boto alde izan ditu txostenak, eta bost kontra. Txostenhori Eusko Legebiltzarrean bozkatu beharko dute.

Politikariaren estatutuaren erreforman jasotzen denez, gutxienez bi urtez aipatutako karguak bete dituztenek 65 urtetik aurrera beren erretiroetan osagarriak jaso ahalko dituzte. 60 urte azpikoen kasuan, osagarri horiek mugatuko dira, eta jasoko duten kopurua ez du inoiz legeak ezarritako erretiro maximoa gaindituko. PSE-EEko eta EAJko kideek argudiatu dutenez, goi kargudun ohiek «aurreikusita» zeukaten diru hori jasotzea, eta ez litzateke «bidezkoa» izango orain aldaketa hori egitea.

Eusko Jaurlaritzak 1,1 milioi euro bideratzen ditu urtero gehigarri horiek ordaintzeko. Lehen kalkuluen arabera, adostutako neurriekin kopuru horren erdia aurreztuko dute.

Iritzia aldatu du PSE-EEk

Politikarien estatuaren erreforma bideratzeko ekainean egindako lehen bileretan, PSE-EE osagarri guztiak kentzearen alde azaldu zen. Atzoko saioan, negoziazioetan sozialistek azaldutako jarrera salatu zuen Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. PPko Iñaki Oiartzabalek ere kritikatu zuen PSE-EEren jarrera aldaketa, eta gai horretan jeltzaleekin bat egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.