Euskal Herria

Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketak egingo dituzte

Ekainaren 16an, Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan izango dira bozketak, herri batzarren ekimenez.

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 7a
18:21
Entzun

Red Electrica de España SAk Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko 400.000 volteko goi tentsioko linearen tramitazioarekin aurrera jarraitzea erabaki duenez, autopistak kalte egindako herritar batzuek "pauso bat aurrera emateko garaia" dela erabaki dute.

Azkeneko bi urteetan, 216 udal eta kontzejutan mozioa onartu dute proiektuaren kontra azalduz. Eta abenduaren 16an, Altsasuko Aldarrikapenaren bitartez, hainbat arlotako 500 pertsona agertu ziren proiektuaren aurka. 

"Erreleboa hartzeko garaia dela uste dugu, baita herriaren ahotsa entzunaraztekoa ere", esan du Asier Agirrek gaur goizean, Donostian, Gabiria, Mutiloa eta Zeraingo herritarren izenean. Izan ere, hiru herri horietan galdeketak egingo dituzte ekainaren 16an, herri batzarrek deituta. "Bertan parte hartzera animatzen ditugu herritar guztiak, zuzenean herritarren iritzia ezagut dezagun eta erakundeei eskatzeko kontuan har dezaten galdeketaren emaitza". Proiektuak eragindako beste herriei ere bilera irekiak egiteko deia egin diete, herri galdeketak egiteko aukera azter dezaten.

"Eremuan prestigioa duten eta erreferente diren pertsonez osatutako jarraipen batzordea eratuko da", gaineratu du Gema Palmas Mutiloako bizilagunak. Prozesuaren "gardentasuna eta garbitasuna" erakutsi nahi dute modu horretan.

Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramaile Alberto Friasek hiru herrietako bizilagunek hartutako ekimena txalotu du: "Polita da. Gonbidapena egingo diegu beste herriei, herri batzarren bidez gauza bera egiteko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.