'Cabacas auzia'

Goirizelaia: “Familiak eta gizarteak ez dute ulertuko Cabacasen kasua epaiketarik gabe ixtea”

Cabacas auzia epaiketarik egin gabe itxi nahi duten beldur dira familiaren abokatuak; instrukzio epaileak uko egin baitio ikerketa gehiago egiteari, eta Iñigo Cabacas hil zuen pilotakada nork bota zuen zehaztera mugatu nahi baitu kasua.

Iñigo Cabacasen senideak eta abokatuak gaur Bilbon. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2016ko ekainaren 29a
08:57
Entzun

Cabacas auzia daraman Ana Torres instrukzio epaileak uko egin dio ikerketa gehiago egiteari, eta helegitea aurkeztu dio erabaki horri Cabacas familiak Lurralde Epaitegian. Senideek diotenez, oztopoz beteta egon da lau urteko instrukzio fasea, eta azkenean auzia epaiketarik gabe itxiko den beldur dira. Irainduta sentitzen direla azaldu dute senideek, eta auziak izandako lau urteko ibilbidearen balorazioa egin dute Jone Goirizelaia eta Irma Oronoz abokatuek: “Daukan garrantziarekin, ez familiarentzat eta ezta gizartearentzat ere ez da onargarria Cabacasen kasua epaiketarik gabe ixtea”. Epaiketan Fiskaltzak izan duen pasibotasuna eta epailearen jarrera ere kritikatu ditu Goirizelaiak.

Europara eramango dute kasua egunotan. Goirizelaiak azaldu duenez, uztailaren 14 eta 15ean Bruselan izango dira Iñigo Cabacasen senide, abokatu eta lagunak, Europako Parlamentuak gonbidatuta, eta hainbat talderekin bilduko dira bertan. “Europatik aitortzaren, justiziaren, ordainaren alde zer egin daitekeen ikusi nahi dugu”.

Zer ikertu nahi den. Puntu hori da auziaren blokeo egoeraren faktoreetariko bat. Iñigo Cabacas hil zuen pilotakada nork jaurti zuen zehaztera mugatu nahi ditu instrukzio ikerketak Torres epaileak, baina hori baino zabalago aztertu behar litzateke kasua Cabacas familiaren abokatuen ustez. Horregatik eskatu zituen froga eta ikerketa gehiago familiak, eta pilotakada jaurti zuen pertsona topatzeko lagungarri ez direla argudiatuta bota ditu atzera epaileak.

Arduradun guzti-guztiak

Orain aste batzuk auzian ikertutako ertzain baten adierazpenak dira klabea. Ikerketarako bide berriak ikusi zituzten lekukotza horren atzean Goirizelaia eta Oronoz abokatuek, eta hortik etorri ziren froga gehiago egiteko eskaerak. “Epaileak dio berdin duela nork zer agindu eman zuen, indarrean ziren arauak bete ote ziren, eta indarrean zen normatiba bete ote zen ere”. Ezetz diote abokatuek, ordea, garrantzitsuak direla horiek ere, eta esparru horietan dauden ardurak ere argitu behar direla. “Parte hartu zuten pertsona guztien ardura guzti-guztiak argitu daitezen nahi dugu”. Eta horregatik aurkeztu dute helegitea epailearen froga gehiago ez egiteko erabakiaren aurka.

Eperik ez du Lurralde Auzitegiak helegiteari erantzuteko, eta, beraz, ezin jakin noiz zehaztuko duen ikerketa gehiago egitea beharrezko den edo ez. Epaiketara heltzea da abokatu eta senideen helburua, edonola ere. Eta froga gehiago egiteari uko egingo balitzaio, eta instrukzio epaileak epaiketa egiteko oinarririk ez dagoela ebatziko balu ere, aurrera jarraitzea da haien asmoa. “Akusazio partikular gisa ere badago salaketa egin eta epaiketa bat egitera heltzerik, delituak zein izan diren zehaztuz gero, eta inputatuak zein diren zehaztuz”.

“Zigor gabe gera dadin nahi dute”

Umiliaturik sentitzen direla esan du Manu Cabacas Iñigo Cabacasen aitak. “Beste biktima batzuek duten errekonozimendu eta erreparazioa eskatzen dugu. Zergatik batzuen eta besteen arteko alde hori? Ezberdina da gure mina?”. Cabacasen hilketa egunean polizia operazioa gidatu zuen Jorge Aldekoa ere izan du gogoan familiak. Izan ere, unibertsitateak antolatutako udako ikastaro batean izan zen poliziaburua asteazkenean, eta iraingarritzat jo du hori familiak. “Aldekoa jauna, zu eta beste batzuk ere aduradun zarete”. Familiak Cabacasen hilketaren arduradunen bila jarraituko duela azaldu du, azkenik. “Trabak gorabehera, lanean jarraituko dugu Iñigoren heriotza zigorgabe gera ez dadin”.

Zigorgabetasunaren “makineria” Cabacasen hilketa egunean bertan jarri zen martxan Oier Amorrortu Iñigo Cabacasen lehengusuak dioenez. Eta ikuspegi horretatik ulertzen du ikerketa gehiago egiteko ukoa ere: “Zergatik egiten dio uko Segurtasun Sailak aurkeztu dugun helegiteari? Gertatutakoa argitzeko frogak egiteko baino ez dugu eskatu. Azalpen bakarra du horrek: ez dute nahi gertatua argitzerik, zigorgabe gera dadin nahi dute”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.