Goirizelaiaren ustez, Sorturi buruz bozen aurretik ebatzi behar luke Konstituzionalak

Oinarririk gabeko polemikak alboratu eta «etorkizunaren alde» erantzukizunez lan egiteko eskatu dio PPri

Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kide eta abokatua, Bilboko bere bulegoan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Legez kanporatzeen garaia amaitua dago, gainditua dago eta aurrera egin behar da». Jone Goirizelaia abokatu eta ezker abertzaleko kidearen arabera, ikuspuntu juridiko hutsetik Sorturen inguruko auzia konpontzeak ez du presarik, baina «politikoki badu». Horregatik, Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Goirizelaiak adierazi du Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 20ko hauteskundeak baino lehen erabaki beharko lukeela ezker abertzalearen alderdiaren legeztatzeari buruz. Goirizelaiak espero du, oinarrizko eskubide politikoak jokoan diren heinean, Auzitegi Konstituzionalak kontuan hartuko dituela azaroaren 20ko bozak.

Dena den, Goirizelaiak ez du auzitegiaren asmoen inguruko inongo berritasunik. Azaldu du Konstituzionalak tramiterako onartu duela Sortuk aurkeztutako helegitea, baina gaineratu du epaien inguruko eperik ez dagoela hortik aurrera.

Hauteskunde horietan PPren eta PSOEren arteko lehia biziak auzitegiaren asmoetan eraginikizan ote dezakeen galdetuta, Goirizelaiak bereziki kritikatu du PPren jarrera. Haren ustez, PPk «bere interesen onerako delakoan» ahalik eta tentsio eta sumin handiena sortzea jarri du helburutzat, eta azken egunetan oinarririk gabeko polemikak sortu ditu «ezker abertzaleari erasotzeko». Horregatik, ezker abertzaleko kideak uste du Sortu legeztatzearen inguruko auzia politikoki baliatzen saiatuko dela.

PPri eskaera egin dio

Goirizelaia zuzenean PPri mintzatu zaio, eta esan dio norberaren onurarako polemikak sortzeko garaia amaitu dela: «PPri eskatuko nioke iragana ahaztu dezala eta etorkizunaren alde apustu egin dezala. Alboratu dezala jarrera hori, eta hartu dezala behingoz jarrera erantzule eta eraikitzaile bat herrialde honetan ireki den jokaleku politiko berriaren inguruan». Azaldu PPk ere pausoak emateko ordua dela, beste alderdi batzuek egin duten bezala.

Iragan astean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ETAren atentatuen inguruan Katalunian egindako adierazpenak direla-eta Javier Rojo Senatuko presidenteak Batzar Nagusietan zentsura mozioa aurkezteko aukera aipatu du. Horri buruz galdetuta, Goirizelaiak erantzun du Garitanorenak «adierazpen batzuk» baino ez direla. Haren ustez, garrantzitsuena da Bilduko partaide denek Gernikako Akordioa betetzeko konpromisoa agertu zutela: «Akordio horretan dator, inongo bereizketarik egin gabe, biktima guztien aitorpenaren alde lan egingo dela». Hori esanda, Goirizelaiak uste du horrelako eragile batzuk horrelako polemikak erabiltzen dituztela bere geldikeriari buruz azalpenik eman behar ez izateko.

EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak hauteskundeei begira Aralarri eta EAJri egindako proposamena «oso garrantzitsutzat» jo du Goirizelaiak, eta gaineratu du jeltzaleek oraingoz ez dutela zehaztu noiz eta non bildu nahi duten. Gezurtatu egin du EAJk ez zuela proposamena aldez aurretik ezagutu. Esan du jendaurrean jakinarazi aurretik EAJk «lehen eskutik» jaso zuela informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.