Lanuztea sektore publikoan. Kronika

Goiz osoa gutxienekoetan

Erakundeek ezarritako zerbitzu minimoak normal bete dituzte alor publikoko langileek. Tenperaturak ere gutxienekoetan izan dira, eta erabiltzaileak nola edo hala moldatu dira.

Euskotrenen Donostiako geltoki nagusia, Easo plazakoa, hutsik, atzo goizean, lanuzte garaian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gutxienekoen eguna izan da alor publikoko lanuztearena. Langileek bete dituzte erakundeek ezarritako gutxieneko zerbitzuak; ordea, termometroak ere gutxienekoetan nola egon diren, erabiltzaileek traba gehiago izan dituzte, batez ere garraiobideetan. Trenaren edo autobusaren zain zeuden herritarrek nozitu dute gehien lanuztearen eta hotzaren eragina. Hezkuntzan nabaritu da gehien protesta, eta ikasleek azkar alde egin dute ikastetxe atarietatik. Trukean, egun ona izan dute tabernariek, geltoki eta eskola ingurukoek batez ere.

Donostian, Euskotrenen Easo plazako geltokian, hara atzoko irudia: 10:00ak, kaleko termometroan zero gradu, eta trenak geldirik. Jenderik apenas zain. Batzuk bai, trenbide bazterrean atzera eta aurrera, denbora egiten, baina haiek ere barrura azkar, haize fina atera orduko. Barruan, lana bazuen atzo goizean tabernariak. Freskagarririk-eta apenas atera zuen; kafesneak eta gisa horretakoak ziren atzo preziatuenak.

Zain zeuden gehienek ez zuten lanuztearen berri handirik. Edadekoak ziren asko. «Etxera itzuli nahi, eta 40 minutu egon beharko dudala zain». Kexu zen adineko andre bat tabernan. Kafesne beroa eskatu zuen, opil eta guzti.

Tabernan bazen jendea, eta bezeroari kasu egiteko leihatilan ere bai. «Goiz aztoratua daramagu. Jende asko ari zaigu deika, zerbitzu asko ez zeudelako bermatuta», azaldu zuen, presaka antzean, langileak. Telefonoak maiz jo zuen bulegoan, eta trenaren zain zeuden bidaiari batzuk ere hurreratu ziren. Behargin askoz gehiago ez zen geltoki barruan, aterpean: bezeroei kasu egiteko leihatilakoa, txartelak ateratzeko bulegokoa, tabernaria eta garbitzaileak —azpikontratatutakoak—; kanpoan, berriz, segurtasun zaindaria, bakar-bakarrik, geldirik zeuden trenei begira, aurpegia ia erabat estalita.

Ordua iritsitakoan, hutsik

Artean hastekoa zen lanuztea beste sektoreetan: erakunde publikoen egoitzetan, hezkuntzan eta osasun etxeetan. 11:00ak ziren ordu giltzarria. Easoko geltokitik unibertsitate gunera, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campusera. 11:00ak aurretik, atarian mugimendu gutxi: zero graduko tenperatura, eta paseoan apenas ikaslerik; autoa aparkatzeko ere arazorik batere ez —hori bai, ordaindu egin behar da orain unibertsitate inguruan kotxea uzteko—. Autobus geltokian inor ez, autobusik ere apenas; ikasle eta langileren bat edo beste bakarrik kalean, zigarroa erretzera aterata, ondo tapatuta.

Ordua iritsitakoan aldatu zen, ordea, egoera. 11:00etan puntuan, ikasleak eta irakasleak tropelka hasi zen geletatik ateratzen; asko ziren, baina ez guztiak, estudiante batzuek etxean geratzea erabaki baitzuten atzo, bi ordu gorabehera —09:00etan hasten dituzte eskolak ikasle gehienek, eta lanuztea bi ordu geroagorako zegoen iragarrita—. Minutu gutxiren buruan, ia hutsik geratu zen Donostiako campuseko gelategia. Gela bakanen batzuetan segitu zuten eskola ematen, baina gehienetan aurki itzali zituzten argiak.

Autobus geltokira egin zuten askok lehen urratsa, hotzari aurre eginez. Baina han ere ohiko martxan ez zebilen zerbitzua. Donostiako hiriko autobusetan, adibidez, zenbait zerbitzutan ordu erdira arteko tarteak ere ageri ziren ordutegien pantailan. «Eta orain hemen egon behar!», kexatu ziren batzuk, aurpegia belztuta. Ikasle batzuek liburutegira jo zuten; gehienek, ordea, tabernaren aldeko hautua egin zuten. Erdialderako bidea oinez egin zuten beste kuadrilla batzuek; bidean batu zitzaizkien hainbat irakasle eta langile, hitzordua baitzuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian, manifestazioaren aurretik zutabe bat egitekoa zuten eta.

Hezurretaraino sartzen zen hotza, baina, hala ere, jendetza batu zen. Elur izpiren batzuk ere baziren. Ordu laurden inguru egin zuten Jaurlaritzaren egoitza aurrean, eta, ondoren, erdigunean hasi zuten martxa, helburu gisara Bulebarra jarrita. Kalean jenderik apenas; normalean izaten ez direnak bai, hala ere: umeak eta gaztetxoak baziren atzo eguerdian Donostiako kaleetan, gurasoekin edo aitona-amonekin paseoan. Kuriositatea bazuten txikienek, halako jende multzoa oihuka ikusita. «Zein dira horiek?», galdera ume batek aitari. «Irakasleak dira. Eskolatik hona etorri dira».

Zutabean eta ondorengo manifestazioan parte hartu zuten asko ziren maisu-maistrak. Beste behargin batzuek ez baitzuten aukera hori izan. Murrizketen aurkako oihuak urrunean entzuten ziren arren, isiltasuna zen nagusi Bengoetxea kaleko etengabeko arretako osasun zentroan. Hutsik zen eguerdian. Beharginak han ziren: gutxieneko zerbitzuan, baina langile guztiak beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.