Bart gaueko hamarrak aldera piztu zen sua Biriatuko Xoldoko Gaina mendian. Haize zakarraren ondorioz, azkar hedatu zen sua mendiaren inguruko lurretan, eta suhiltzaileek hamabost lagun atera behar izan dituzte etxetik, sua gerturatzen ari zelako.
Iturri ofizialek azaldu dutenez, Hendaia, Donibane Lohizune, Senpere eta Angeluko 46 suhiltzaile aritu dira itzaltzeko lanetan. Orduko 80 eta 100 kilometroko haize ufadek zaildu dituzte lanak, baina, azkenean, goizaldeko bostak aldera hartu dute sua kontrolpean. Adituek uste dute hamar bat hektarea erre direla. Ebakuatutako bizilagunak itzuliak dira etxera.