Goizeko zazpiak inguruan hasi da martxan Iruñeko autobus geltoki berria, eta harrezkero, atzera eta aurrera dabiltza Nafarroako hiriburutik hara eta hona abiatzen diren hemezortzi autobus konpainietako ibilgailuak. Halaber, bidaiarien eta autobus geltokiko langileen mugimendua ere etengabea da. Goizean goizetik martxan dira, besteak beste, kafetegi eta liburudenda berria.
Iruñeko erdialdean egin dute geltoki berria. Ziudadelari itsatsita dago, eta Yanguas y Miranda kalearen zati bat ere hartzen du, azpitik. Eta, gainean belardi zabala duenez, erraten ahal da Gaztelugibeleko parkearen zati badela. Geltoki berriari esker, Iruñeko gotorlekuko harresi zati bat zaharberritu dute. XIX. mendean, armadarendako kuartelak egin zituzten han eta lurperatu egin zuten. Geroago, autoendako lur gaineko aparkaleku bat paratu zuten bertan -sanferminetan han jartzen zituzten barrakak, orain arte-. Eta orain belardia da.
KANPOTIK, IKUSEZINA IA. Autobus geltoki berriaren proiektua Manuel Blasko, Luis Tabuenca eta Manuel Sagastume arkitektoek egin zuten. Geltokiaren goiko aldean biribil itxurako hutsune handi bat paratu zuten arkitektoek, bertatik eguzkiaren argia sar zedin. Baina Vianako Printzea erakundeak atzera bota zuen osagai hori, Ziudadelaren inguruetan zegoenez, geltokiak gotorlekuaren formak errespetatu behar zituela uste baitzuen. Beraz, zulorik gabe, geltokia lur azpian dago guztiz, eta kanpotik apenas nabaritzen den hor dagoela, gainean 30.000 metro koadroko belardia baitu. Oinezkoek geltokira sartzeko erabili behar duten ehun metroko beirazko atea bertzerik ez da ikusten kanpotik.
GELTOKI BERRIAREN EZAUGARRIAK. Geltoki berriak, denera, 27.000 metro koadro ditu, lur azpiko hiru solairutan banatuta. Lehen solairuan, hau da, azaletik gertuen dagoen horretan, administrazio bulegoak eta kontrol gunea egonen dira. Bigarren solairuan autobusen kaiak daude, itxaroteko gela, txarteldegiak eta saltoki eta jatetxe gunea. Hirugarren solairuan 598 autorendako tokia duen aparkalekua dago.
Geltokiak 52 autobusendako tokia du; 28 nasa kai nagusian daude, biribil itxurakoan, eta gainontzekoak, laguntza kaian. Nasak autobus konpainien arabera banatu dituzte. Ondoko konpainiek ohiko toki bat izanen dute 1-24 nasetan: Rio Irati, Pamplonesa, Conda, Roncalesa, Tafallesa, Alosa, Burundesa, Estellesa, Baztanesa, Veloz Sanguesina, Mugiroarra, Montañesa, Leizaran, Artieda, Vibasa, Bilman Bus, Pesa eta Jimenez Sur. 25-28 nasetan, berriz, noizbehinkako autobusak geldituko dira. Asmoa da autobus bakoitza, gehienez ere, 30 minutu egotea nasetan. Kai nagusia 07:00etatik 23:00etara egonen da zabalik, eta laguntzako kaia, gainontzeko orduetan.
Euskarazko errotulazioa arinagoa
Geltoki zaharrak bidaiari aktiboak eskatzen zituen, hau da, bidaiariek alde batetik bertzera mugitu behar zuten hartu behar zuten autobusa aurkitu arte. Geltoki berrian, panel elektronikoak daude, autobus bakoitza non dagoen eta noiz aterako den zehazten dutenak. Informazio hori gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez emanen dute. Hala ere, hainbat euskaldun kexatu dira dagoeneko euskarari ematen zaion tratuarekin: euskarazko idatziak askoz ere errotulazio arinagoan daudela salatu dute; euskaldunei bista hobea edukitzea eskatzen zaiela agertu dute txantxetan.
Geltokira Bakearen Plazatik edo Foruen Plazatik sartzen ahal dira ibilgailuak. Bi sarbideetan, autobusek bide bat dute, eta autoek bertze bat. Geltoki zaharrak sarbide zaila zuen, eta horrek auto butxadurak sortzen zituen maiz. Hori saihesteko egin dituzte sarbide bikoitz horiek.
Iruñeko erraldoiak, zaldikoak, buruhandiak eta kilikiak autobus geltoki zaharrean gordetzen zituzten orain arte. Orain, geltoki berrian ere izanen dute beren tokia, eta ez nolanahikoa. 500 metro koadroko tokia egin diete -lehen 100 metro zituzten-. Bertan, figura guztiak gordetzeko lekua izanen dute, bai eta dantzak entseatzeko lekua ere.
Azpiegiturak
Goizean goizetik martxan da Iruñeko autobus geltoki berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu