Biek hala biek zurrunbilo handia eragin dute. Zurrunbilo horretan murgilduta egon zen, besteak beste, Larrabetzuko eta Galdakaoko lurretan (Bizkaia) 2004an ireki zen Artxandako golf zelaia ere.
Aroztegia jauregiko plana
Ibar osoaren garapenaren ardatz bihurtu nahi du Baztango Udalak, Lekarozen dagoen XVI. mendeko Aroztegia jauregian egin nahi duten proiektu turistikoa. Bertan, lau izarreko hotela, 9 zuloko golf zelaia eta 252 etxe eraiki nahi dituzte. Hainbatek kezkarekin hartu dute Aroztegiko proiektua. Hala, egitasmoaren aurka Aroztegia eta gero zer? taldea sortu dute zenbait baztandarrek. Bertako kidea da Joseba Otondo, eta gogor kritikatu ditu Baztango Udalaren asmoak. «Aroztegiaren proiektuaren atzean diruz betetako jokaldia dago». Etxeak eraikiz, turismo azpiegitura finantzatu nahi izana gaitzetsi du Otondok.
Izan ere, egitasmoaren aurkako taldeko kideak jakinarazi duenez, 252 etxebizitzako egoitz alde berri bat egiten badute, eta batez besteko familia nuklear ereduarekin biderkatuta, 750 pertsonen bizigune bat izango litzateke lekua. «Horrek guztiak orain arte Baztanek izan duen antolamendua irauliko luke», irizten dio Otondok. Baztanen, egun, 8.000 biztanle inguru bizi dira, 15 herritan banatuta. Herririk handiena, 3.000 herritarrekin, Elizondo da, eta bigarrena Irurita 800 biztanle ingururekin. Turismo proiektuaren aurkako taldearen arabera, etxe berri horiek guztiak egiten badira, egun ibarrak duen biztanle banaketa «apurtuko» da.
2001. urteko erroldaren arabera, Baztan osoan, 150 etxe inguru hutsik daude, ibarreko etxebizitza parke osoaren %22. Ikerketa horrek dioenez, gainontzeko etxeen %1 asteburuak eta oporraldiak igarotzeko dira. Otondoren aburuz, Baztango etxebizitza parkeko %36 bere erabileraren azpitik dago. Errolda hori egin zenetik, asko eraiki dela ere gaineratu du. «Neurriz kanpoko proiektua dela iruditzen zaigu, eta, beraz, ezin da Aroztegiko egitasmoa inola ere justifikatu».
Horrez gain, egun porrot egin duen eredu ekonomiko bati jarraitzen dio Aroztegiko proiektuak Otondoren ustez. «Jakina da eraikuntzak porrot egin duela, baina hemen bide horri jarraitu nahi diote». Turismo azpiegituraren atzean, besteak beste, Espainiako Mediterraneoko kostaldean «txikizioak» egin dituen banku bat dagoela jakinarazi du Otondok. «Mediterraneoaren antzeko lorategi berde bilakatu nahi dute Baztan».
Udalak egitasmoaren bitartez lanpostu ugari sortuko direla ziurtatu duen arren, Otondo ez dator horrekin bat. «Gauza jakina da eraikuntzak behin-behineko lanpostuak sortzen dituela; beraz, Aroztegiko egitasmoarekin, bide berari jarraituko diote, eta ez du balioko Baztango ekonomia indartzeko».
Bastida auzitan
Arabako Errioxan dago Bastida, eta, han ere, Lekarozko proiektuaren antzeko egitasmo bat sustatzen ari da udala aspaldiko urteotan. Izan ere, Toloñoko mendilerroaren inguruan golf zelai bat egin nahi dute, baita 750 etxe ere. Udalak heldu den udarako proiektuaren izapide guztiak amaitzeko asmoa bazuen ere, epe hori atzeratu egin beharko du. Arabako Foru Aldundiko teknikoek egin duten azken txostenaren arabera, golf zelaiaren gunea onura publikoko gunea da, eta, beraz, lur horiek berreskuratzeko agindu dio.
Lur horiek 2005ean eta 2006an eman zizkion Bastidako Udalak golf zelaia egiteko asmoa duen San Gines Labastida SA enpresari bost udalbatzetan erdietsitako akordioen bitartez. Lur saila emateagatik, trukean, San Gines Labastida SA enpresaren akzio paketearen %20ren jabe egin zen udala. Bastidako kasuak eztabaida ugari sortu ditu bai udalean bai herritarren artean. Izan ere, duela urtebete, Fiskaltzak ikertu egin zituen egitasmoaren sustatzaileak eta Ignacio Gil alkate ohia, Bastidako plan partzialean irregulartasunik izan zen ebazteko. Dena den, epaileak, iragan martxoan kasua artxibatu egin zuen. Azken bost urteetan, udalaren egitasmoen aurka aritu da lanean Torrolate taldea. Aldundiaren agindua ez dela kasualitatea diote, «azken urteetan egidako lanen fruitua baizik».
Polemika Larrabetzun ere
2001. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak Artxandako golf zelaia eraikitzeko proiektua hasi zuen Galdakao eta Larrabetzu artean. 2004an, Ganguren mendilerroko lurretan zabaldu zuten, Aldundiak lurzoru publiko hori Artxanda SA sozietateari eman eta gero. Hasiera batean, golf zelaiaren inguruan hotela egitea aurreikusia bazegoen ere, «guztiz ekipatutako» 51 apartamentu egin dituztela salatu du Juan Manuel Basterretxea Larrabetzuko zinegotziak. Gaia auzitegien esku utzi dute, Larrabetzuko Udalak iruzurra egin duelakoan.
«Ardoak eta golf zelaiak bikote ona osatuko dute,eta bisitari ugari erakarriko dituzte Bastidara»
IOSU LANDA
Bastidako alkatea
150
Baztanen hutsik dauden etxeak. 2001. urtean egindako erroldaren arabera, Baztanen 150 etxetan ez da inor bizi. Etxebizitza parkearen %22 hutsik dago. Horrez gain, etxeen %14 asteburuak eta oporraldiak igarotzeko baliatzen dira bakarrik.Erriberako lau herritan golf zelaien proiektuak, etenda
Hiru dira Nafarroako golf zelairik handienak: Ultzamakoa, eta Iruñerriko bi, Zuastikoa eta Gorraizkoa. Dena den, duela bost urtetik hona, Erriberako hainbat herrik, turismoa sustatzeko asmoz, golf zelaiak eraikitzeko proiektuak jarri zituzten martxan. Tuteran, Mendabian, Fontellasen, Vianan eta Fiteron ziren zehazki golf zelaiak jartzekoak. Bere garaian, Gurelur elkarteak gogor kritikatu zituen, Nafarroako eremurik lehorrenean horrenbesteko ur kopurua behar duten golf zelaiak egiteko planak.Hala ere, izan dituzte traben eraginez, atzera bota dituzte proiektuak Tuteran, Mendabian, Fontellasen eta Vianan. Fiteron, berriz, testuinguru ekonomikoa hobetu zain daude aurrera egiteko.
«Dirutza izugarria bideratzen da turismo proiektuetara, gizarteak bestelako beharrak dituela jakinda ere»
TOÑO MUNILLA
Gurelur Nafarroako Ingurumena Babesteko Funtseko kidea
Zarauzko golf zelaia eraisteko eskatu dute lurjabeek
Zarauzko golf zelaia dagoen lurren jabea da Azlor de Aragon familia, eta salaketa bat jarri du golf zelaia eraits dezaten eskatuz. «Golf zelaia gure jabetzako lurretan dago, eta ez dugu horregatik apenas dirurik jasotzen», salatu dute familiako kideek. Serafin Sañudo Zarauzko Golf Klubeko presidentearen arabera, «erasoaldi judizial» honek «ezustean» harrapatu ditu. Familiak dioenez, azken urteetan errenta kontratua berritzen behin baino gehiagotan saiatu dira, baina ez dute klubarekin akordiorik erdietsi. Azlor de Aragon sendiak urtean 150.000 euro jaso nahi ditu zelaiaren errentagatik, baina kluba ez dago horrekin ados, zelaia erosi egin nahi baitute.Martin Garde.Baztango Udaleko alkateordea eta kultura zinegotzia
«Turistek Baztanen egun gehiago pasatzea nahi dugu»
N. Elola. IruñeaAroztegiko proiektua, eskualde osoko etorkizunaren sustatzaile izango da, horretan uste osoa du Martin Gardek, Baztango Udaleko alkateorde eta kultura zinegotziak (Lekaroz, 1946). Egun, Baztanek turista andana erakartzen duela jakitun, turismo azpiegiturak behar direla aldarrikatzen du, turismoak eskualdean oraindik ere onura handiagoak lagatzeko.
Aroztegiko proiektuak kritika ugari izan ditu. Zein da udalaren helburua?
Kontuan hartu behar da Baztango Udala ibar osoaren udala dela. Egia da badela talde bat proiektuaren aurka dagoena, eta Lekarozko hainbat herritarrek ere euren iritzia azaldu dute herri galdeketan. Baina hori baztandar talde txiki batek egin du, eta proiektu hau baztandar guztientzat da. Egia erran, aspalditik aztertu izan da Aroztegian halako proiektu bat egitea, baina, orain, zorrotzago egin da ikerketa, helburuak eta betebeharrak zeintzuk diren kontuan hartuta.
Zer-nolako azpiegitura eraiki nahi duzue Aroztegian?
Aroztegia, berez, XVI. mendeko jauregia da. Bertan lau izarreko hotela egitea aurreikusia dago. Besteak beste, bainuetxea izanen du hotelak. Bere inguruan bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi da. Eta toki horretan izkina batean eginen lirateke etxeak, 252 hain zuzen ere. Hala ere, argitu nahi nuke, egoitza multzo horrek Elizondotik izanen duela sarrera. Beraz, bertako biztanleen sarrera-irteerek ez die inolaz ere eragingo Lekarozko herritarrei.
Zein da Aroztegiko proiektuaren helburua?
Azken urteetan, Baztanen turismoak hartu duen garrantzia ikaragarria da. Gauza jakina da hemen ditugun landetxeetan egiten dituzten egonaldiak laburrak izaten direla. Lekarozko azpiegituraren bitartez, turistek Baztanen egun gehiago pasatzea nahi dugu. Eta hori erdiesteko argi dago turismo azpiegiturak eraiki behar direla.
Lekarozen herri kontsulta egin zuten, eta gehiengoak ezezkoa eman zion golf zelaiaren egitasmori. Zer deritzozu?
Aroztegia Baztan osoko proiektua da, nahiz eta, arestian erran dudan legez, Lekarozen egon. Beraz, ibarrean bizi garen 8.000 lagunetatik gutxiengo batek adierazi du bere iritzia. Argi dago hemen jende anitz bizi dela turismotik, eta horien lanpostuak ziurtatu egin behar direla. Gainera, Aroztegiaren bitartez, lanpostu berriak eratuko dira, eta hori oso garrantzitsua da egungo testuinguruan. Kontuan hartu behar da, egindako aurreikuspenen arabera, turismo gune berriaren bitartez, zuzenean eta zeharka 100 lanpostu inguru sortuko direla.
2001. urteko erroldaren arabera, Baztango etxeen %22 hutsik dago. Etxeak behar al dira Baztanen?
Bai, egia da Baztanen badela etxe andana bat hutsik. Izan ere, ibar honetan etxearen lotura handia dugu. Hala ere, horrek ez du erran nahi hutsik dauden etxeak bizitzeko moduan daudenik. Baserriak etxe gisa kontatzen dira, baina asko eta asko arras egoera txarrean daude. Beraz, datu hori erreala den arren, ez du benetako errealitatea islatzen. Gainera, etxeak behar dira, gazteek behar dituzte, batez ere. Betiko legez, arazoa prezioa izanen da, egungo merkatuaren araberako prezioa izanen baitute Aroztegiko etxeek. Dena den, babes ofizialeko etxeak ere eraikiko dira, eta horrek gazteak erakarriko ditu.
Zein fasetan dago proiektua oraintxe bertan?
Egitasmoa Udalean onartu ostean, proiektua publikoari erakutsi zaio edonork alegazioak aurkeztu zitzan. Behin epe hori amaituta, Nafarroako Gobernua alegazio horiek aztertzen ari da egun. Teknikarien azterketaren ostean, litekeena da proiektuan zenbait aldaketa egin behar izatea. Izan ere, diotenez, eta adibide bat da, Aroztegiko lur eremuaren inguruan sute bat izan zen duela urte batzuk. Legediaren arabera, sutea izan den lur eremuetan ezin da 30 urtean eraldaketarik egin. Beraz, litekeena da alde horretatik proiektuan aldaketaren bat egitea. Gobernua arlo askotatik ari da proiektua aztertzen. Beraz, argi dago Nafarroako Gobernuak izanen duela hemen azken hitza.