Poliziaren bertsioari eutsi egin dio Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan orain arte emandako bertsioan koma bat bera ere ez du aldatu. Areago, Ertzaintzaren«profesionaltasuna» sutsuki defendatu du, babesa agertu die ertzainei, eta ohartarazi du ez duela onartuko poliziaren ibilbide luzea «zikintzea». Nolanahi ere, Herrizaingo sailburuak aitortu egin du Iñigo Cabacasen heriotzan «zerbaitek huts» egin duela: «Ertzaintzak milaka alditan erabili ditu gomazko pilotak, baina guztiok autokritika egin behar dugu halakorik berriro gerta ez dadin. Begi bistakoa da zerbaitek huts egin duela».
Gaztearen heriotzari buruzko azalpenak emateko premiazko agerraldia egin zuen Aresek, atzo, Eusko Legebiltzarrean.Jose Antonio Varela Ertzaintzako buruak eta Miguel Buen Herrizaingo Saileko Segurtasuneko sailburuordeak lagunduta eman zituen Aresek gertatutakoari buruzko argibideak. Aresek «atsekabea» agertu zuen gaztearen heriotzagatik; halaber, senide eta lagunei doluminak eman, eta Jaurlaritzaren izenean «barkamena» eskatu zien.
Hala, Cabacasen heriotzaren antzeko gertaerak «ahal den neurrian» berriro errepika ez daitezen, zenbait neurri martxan jarriko dituztela iragarri zuen Herrizaingo sailburuak. Azaldutakoaren arabera, Ertzaintzak erabiltzen duen materiala bera eta hura erabiltzeko protokoloa berrikusiko dituzte, horiek «garai berrietara» egokitzeko.
Besteak beste, jakinarazi zuen 2013kourtarrilaren 1etik aurrera komisaldegietako ertzainek ezin izango dutela pilotak botatzeko eskopetarik erabili, baina brigada mugikorrek eta bereziek, ordea, erabiltzen jarraitu ahal izango dutela, betiere «salbuespen» egoeretan. Aurtengo ekainaren 1etik 2013ra bitarte, gainera, ertzainek «mugatua» izango dute horiek erabiltzea, Herrizaingo sailburuaren esanetan. Europako Batasunak gomazko pilotak ez erabiltzera aholkatu du, baina Aresek esan zuen «gezurra» dela gaur egun debekatuta daudenik; gainera, Europako hainbat poliziek ez bezala, Ertzaintzak gasa eta antzeko materialik ez duela erabiltzen azpimarratu zuen.
Bestelako neurriak ere iragarri zituen: tartean, Ertzaintzako kide guztiek identifikazio zenbaki bat eramango dutela ekainaren 1etik aurrera, eta zaurituak eragiten dituzten ekintzak ikuskatzeko talde bat sortuko duela Ertzaintzak.
Cabacas gaztearekin gertatutakoari buruzko ikerketa «muturreraino» eramaten eta erantzukizunak zuritzen interesatuena Eusko Jaurlaritza dela azpimarratu du Aresek. «Gardentasuna» agindu du, eta ez dutela ezer ezkutatuko: «Amaiera arte helduko gara, kosta ahala kosta». Horren haritik, Herrizaingo Sailak espedientea zabalduko die joan den osteguneko operazioan zuzenean parte hartu zuten ertzainei. Aresek azaldu duenez, joan den asteko ostiralean bertan ikerketa abiarazteko agindua eman zuen, eta herenegun «informazio guztia» helarazi zioten auzia daraman epaileari. Halaber, Ertzaintzaren talde bat jarri zuen epailearen esku.
Gertatutakoaren gaineko «erantzukizun politikoa» bere gain hartu du Aresek, baina jakinarazi du ez duela dimisiorik emango. «Dimisioa emanda zorigaiztoko heriotza saihestuko balitz, dimisioa emango nuke, baina tamalez ez da hori gertatuko».
Ertzaintzaren jokabideak jasotako kritiken inguruan, gogor mintzatu da Ares, ezker abertzalearen aurka bereziki. «Onartezin» iritzi dio Ertzaintzaren lana «gutxiesteko» abiatutako kanpainari, «batez ere, urtetan terrorismoa eta kale borroka babestu dutenen» eskutik baldin badator. Eta ukatu egin du Ertzaintzaren presentziak istiluak eragiten dituela: «Ertzaintzak ez du probokaziorik eta tentsiorik eragiten; askatasunak eta eskubideak bermatzen ditu». Haien betebeharra «indarra» erabiltzea da, «beharrezkoa» denean, haren esanetan.
Legebiltzar talde guztiek, berriz, «samina eta elkartasuna» agertu diote Cabacasen sendiari, eta gertatutakoa argitzeko eskatu dute. Ordea, denak ez dira bat etorri Ertzaintzak Bilbon izandako jokabidea baloratzerakoan. UPD, PP eta PSEk Ertzaintzaren «profesionaltasuna» goraipatu dute, eta salatu dute haren «izen ona zikintzeko» erabili nahi dela gaztearen heriotza.
Ezker Anitzako Mikel Aranarentzat, ostera, «neurriz kanpokoa» izan zen Ertzaintzak ostegunean izandako jokabidea, eta «berandu» dator ertzainei espedientea irekitzeko erabakia.
EAko Juanjo Agirrezabalak, berriz, hiru eskari egin dizkio Aresi: batetik, barne ikerketa burutzea eta Cabacas hil zuen ertzaina identifikatzea, bestetik, gomazko pilotak erabiltzeari «berehala» uztea, eta, azkenik, Herrizaingo sailburuak dagozkion ardurak bere gain hartzea. Aralarreko Mikel Basabek salatu du Aresek ez duela zehaztu erantzukizun politikoa bere gain hartzea «zertan gauzatuko den». Basabek, halaber, poliziaren jardueragatik eratorritako kexak ikertuko dituen batzorde independentea sortzea eskatu dio.
EAJko Mikel Martinezen irudiko, berriz, Herrizaingo sailak gertaerei buruz egindako kontakizuna ez dator bat autopsiak dioenarekin. Hala, «egia» ezagutzea eta «justizia» egitea exijitu du.
«Kalkulu politikoak»
Ezker abertzaleak ere baloratu ditu Aresen hitzak, prentsa ohar batean. Herrizaingo sailburuari leporatu dio «gezurretan» aritzea eta herritarrak «desinformatzea». Hori guztia «kalkulu politikoetan» oinarrituta egin duela uste du. Aresen «berehalako dimisioa» eskatu du, eta exijitu du berehala ikerketa bat abiatzeko eta ardurak argitzeko. Era berean, adierazi du egungo polizia eredua «oinarritik aldatu» behar dela. Era berean, Patxi Lopezek «gertaera larri» honen aurrean agertutako jarrera salatu du: «Berriro ere desagerturik egon da», adierazi du ezker abertzaleak.
Alternatibak ere eskatu du Aresen dimisioa. «Ardura politikoak onartzeak prezio jakin bat ordaintzea eskatzen du, eta, benetan onartuko baditu, berehala dimititzeko exijitu behar diogu», esan du ohar batean.
Iñigo Cabacasen heriotza. Rodolfo Aresen agerraldia Eusko Legebiltzarrean
Gomazko piloten erabilera ez dute debekatuko, mugatu duten arren
Aresek bere gain hartu du Cabacasen heriotzaren «erantzukizun politikoa», baina ez du dimisiorik emangoEAJk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak Ertzaintzaren jokabidea gaitzetsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu