Gomezi espetxe zigorra luzatzearen aurka azaldu da Eusko Jaurlaritza

Aresek dio justizia errespetatzen dutela baina ez dutela gustuko preso ohiari 'Parot doktrina' ezartzea

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du bat egin Auzitegi Gorenak Patxi Gomez preso ohiari espetxe zigorra luzatu izanarekin. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua Ortuellako bizilagunari Parot doktrina ezartzearen aurka azaldu da, Eusko Legebiltzarrean, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak euskal presoei zigorrak luzatzeari buruz egindako galderari erantzunez. «Justiziaren erabaki oro errespetatzen ditu Jaurlaritzak, baita gustuko ez ditugunak ere, kasu honetan bezala», adierazi du.

Gomez preso ohia joan den otsailaren 9an atxilotu zuten, Auzitegi Gorenak luzatutako espetxe zigorra bete zezan. Gomezek hogei urte egin zituen preso, eta 2009an irten zen kartzelatik. Orain beste hamar urterako espetxeratu dute. EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalakadierazi du Espainiako Gobernuak espetxe politika «mendeku»eta «xantai» gisa erabiltzen duela. Halaber, Parot doktrina «astakeria juridikoa» dela salatu du, eta Gomezen espetxeratzea «bidegabea» dela.

Nolanahiere, Agirrezabalak txalotu egin du Aresek emandako erantzuna, PSE-EEk Parot doktrinareneta espetxe politika malgutzearen inguruan duen jarreran «aurrerapausoa» delakoan. Hala, Patxi Lopez lehendakariari eskatu dio bide berean sakondu dezala datorren astean bake bidean proposatu behar dituen egitasmoekin, eta giza eskubideak errespetatuko duen espetxe politikaren alde egin dezala.

«Biktimismoa»

Lehendakaria ere espetxepolitika aldatzeaz mintzatu da Legebiltzarreko saioan, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak «terrorismoari zilegitasuna kentzeko» asmoen inguruan galdetuta.Lehendakariak kartzela politika «inteligentea» galdegin du, baina batez ere ezker abertzalearen «biktimismoa» eragozteko. «Biktimismoaren bandera kendu behar zaie deslegitimazioa lortzeko eta inolaz ere biktimak ez direnek beren burua biktima gisa ez aurkezteko». Lopezek esan du espetxe politika ez dela oinarritzen «mendekuan» , baina hura aldatzearen alde egin du, «zuzenbide estatuaren barruan».

Era berean, «terrorismoaren deslegitimizazioa» lortzeko Jaurlaritzak legealdi honetan abiatu dituen politikak defenditu ditu lehendakariak. Haren ustez, ETAk indarkeria utzi badu, gobernuaren politika horiei eta Polizia, justizia eta nazioartearen laguntzari esker utzi du. Gainera,biolentziarekiko «tolerantziarik ez izateak» eraman du ezker abertzalea legedia onartzera, Lopezen iritziz.

Basagoitik, berriz, ezker abertzalearen «aldarrikapenekin ez nahasteko» eskatu dio lehendakariari. PPko buruak uste du ezker abertzalea «hazi» egiten dela presoen inguruan arrazoia ematen zaionean edo «poliziak etaterroristak» parekatzen direnean. Ildo horretan, herenegun Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Euskal Herriari egindako bisitan «ETAren munduaren eskutik» pairatutako «jazarpena» salatu du Basagotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.