Gonzalezi gerra zikinaren ardura izatea leporatu diote alderdiek

Espainiako gobernuburuari azalpenak eskatu dizkiote eginiko aitorpenei buruz

Erredakzioa
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gerra zikinaren hautsak harrotu ditu Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak El País egunkarian eginiko elkarrizketak. Alderdi politiko guztiek, PSOE izan ezik, azalpenak eskatu dizkiote gobernuburu ohiari. Are gehiago: uste dute Gonzalezek agerian utzi duela gerra zikinean erantzukizuna zuela.

Besteak beste, bere agintaldian ETAko kideak bonbaz hiltzeko plana mahai gainean izan zuela onartu du Gonzalezek. Era berean, aitortu du Jose Barrionuevo orduko Barne ministroak eman zuela GALek bahitutako Segundo Marey aske uzteko agindua.

Gonzalezek egindako adierazpenak oso larriak izan direla diote alderdi politikoetako buruek. Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariordeak, adibidez, «X jauna» izatea leporatu dio Espainiako gobernuburu ohiari. «Agerian utzi du GALen atentatuak Gobernuaren presidentearen mahai gainera iristen zirela».

Iritzi bera dauka Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak. Era berean, garaiko gobernu sozialistak «zigorgabetasun osoz» aritu zirela salatu du. Ezker abertzaleak bat egin du «zigorgabetasun» salaketarekin, eta nazioarteko eragileei eta epaitegiei dei egin die lan egiteko «X jauna justiziaren eskuetan jartzeko».

Patxi Zabaleta Aralarren buruak oso larritzat jo ditu Gonzalezen adierazpenak. Gerra zikinaren ardura «zuzenean» bere gain hartu zuela salatu du. EAk, berriz, PSOEri eskatu dio Gonzalezek gerra zikinari buruz egiten duen «apologia» baztertzeko, eta EBk Estatuko fiskal nagusiari eskatu dio adierazpenak ikertzeko.

Jose Bono Kongresuko presidenteak (PSOE), aldiz, Gonzalez defendatu du: «Inoiz ez diot eraso egingo Espainiak A-tik X-ra izan duen presidente onenari». Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak salatu du beti dagoela jendea Gonzalezi eraso egiteko prest. Bera hura «maite» dutenen artean dagoela dio.



Felipe Gonzalezek 'El País' egunkariari emandako elkarrizketaren pasarte batzuk

«Zuk zeuk jeneral mailara goititu zenuen Enrique Rodriguez Galindo. Bahiketa eta hilketagatik 71 urtera zigortu zuten ondoren.

Gaur egun, eta urte asko pasa diren arren, tipo izugarri ona dela esaten dizut. Haren ardurak utzi ondoren ezagutu nuen bakarrik. PPren garaiko liderrak bi edo hiru hilean behin bisitatzen zuen jenerala Intxaurrondoko polizia etxean; anartean, nik ez nuen inoiz agurtu eta ezta ezagutu ere. Baina auzipetu zutenean ezagutu nuen; deitu egin nion, elkar ezagutzeko.

Galindo errugabea zela uste al duzu?

Ziur naiz errugabea dela haren aurka egin zituzten akusazio gehienetan eta zigortu zuten arrazoi hartan. Ziur naiz. Ez dauka zerikusirik sententzia irmoa izateak. Badakit garantiak ez zirela errespetatu, baina ziur naiz errugabea dela. [Joan den astean Estrasburgoko auzitegiak atzera bota zituen Galindok eta zigortutako besteek aurkeztutako helegiteak. Espainian eginiko epaiketan haien eskubideak ez zirela errespetatu salatu zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Elkarrizketa epaitegiaren erabakia jakin baino lehen eginda dago: irailaren 27an eta 28an.]

Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabalaren hilketetan ez zuen parte hartu, beraz?

Ziur naiz ezetz. Ez zuela parte hartu eta ez zuela agindua eman [...] Aurkako frogak ez dira existitzen, baina ziur naiz Galindo ez zela horren erantzulea izan.

Eta Rafael Vera eta Jose Barrionuevori dagokionez?

[...]Segundo Mareyren bahiketagatik inplikatu zituzten bakarrik, eta horregatik joan ziren espetxera... Oraindik ezin da hori kontatu... Segundo Marey aske uzteko agindua Pepe Barrionuevok eman zuen, Marey atxilotuta zegoela jakin zuenean...[...] Inork ez du aztertu eta ez du aztertuko, eta ni ez naiz halakorik eskatzen ari: zer zen edo zer esanahia zeukan Segundo Mareyk Bidarteko kooperatiban [...] Auzitegi Gorenean ez zidaten froga bat onartu: Frantziarekin izandako komunikazio telegrafikoak nituen hori berreraikitzeko. Baina aske uzteko agindua ematen duena ministroa [Jose Barrionuevo] da.

Eta diru publikoen bidegabeko erabilerari dagokionez?

[...] Gauza bat esango dizut, agian harrituko zaituena. Oraindik ez dakit ondo ala gaizki egin nuen. Ez naiz arazo moral bat planteatzen ari, oraindik ez baitut segurtasunik. Aukera bakar bat izan nuen nire bizitzan ETAko buruzagitza akabatzeko. 1992ko Bidarteko atxiloketak baino lehen izan zen. Olinpiar Jokoak izorratu nahi zituzten eta mundu osoan oihartzuna izan... Ez dakit zenbat denbora lehenago, agian 1990ean edo 1989an, nire inplikazioengatik niregana heldu behar zuen informazio bat ailegatu zitzaidan. Ez zen terrorismoaren aurkako operazio arrunt bat gehiago: gure jendeak -ez dut esango nork- ETAko buruzagitzaren bilera baten leku eta orduak ezagutu zituen Frantziako hegoaldean. Buruzagitza osoa izango zen bertan. Denbora asko zeramaten operazio hura jarraitzen. Ordu eta lekua bagenekien arren, haiek atxilotzeko aukera hutsaren hurrengoa zen, gure eremuetatik kanpora baitzeuden, eta garai hartan, Frantziak haiek atxilotzeko agindua ematea ia ezinezkoa baitzen. Orain errazagoa zatekeen. Orain gure zerbitzuek ETAko buruzagitzaren bilera bat detektatuko balute Frantziako herriren batean, Frantzia gainera joango litzaieke guztiak atxilotuz. Baina garai hartan ez. Garai hartan bilduko ziren etxean guztiak batera leherrarazteko aukera zegoen. Ez dizut azalduko zer esan nahi zuen Frantziako eremuan ekiteak, ez dizut literatura osoa kontatuko, baina kontua bere sinplean honako hau zen: 'Denak batera lehertzeko, denak akabatzeko, burua mozteko aukera dago'. Erabakia bai ala ez da. Laburbilduz, honako hau esango dut: 'Ez' esan nuen. Eta hau gaineratuko dut: ez dakit ondo jokatu nuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.