Euskal Herriko hainbat ikaslek iazko ikasturtean jarri zuten abian Gora Ikasleon Borroka dinamika. Urtarrilean abiatu zuten Kargatzen eztabaida prozesua, eta eztabaidaren oinarria den liburuxka 700 ikasleri banatu zieten. Orain, lau hilabeteko eratze prozesuaren ostean, ikasle antolakunde berri bat aurkeztuko du dinamikak.
Elizondon (Nafarroa) izango da ekitaldia. Goizeko 10etan hasita, solasaldi bat egingo dute lehenik, tailer bat ondoren, eta ekitaldia azkenik. Antolatzaileek honela azaldu dute: «Ikasle antolakundearen helburu eta proiektuaren berri emateko bilduko gara Euskal Herriko zazpi lurraldeetako dozenaka ikastetxetako ikasleok (segurtasun neurriak mantenduz) prestatu dugun aurkezpen egun nazionalean». Besteak beste, antolakundearen izena, logoa eta ezaugarriak aurkeztuko dituzte.
2019ko ekainean hasi ziren biltzen ikasleak, ikasle mugimenduan «hutsune» bat zegoela ikusita. Helburu nagusi bat ezarri zuten: «Euskal hezkuntza-sistema propio eta eraldatzailea osatzea». Maiatzerako prest nahi zuten «ikasle subjektu berria», baina konfinamenduak atzeratu egin zituen haien asmoak.