Kontent agertu dira Gora Iruñea herri ekinbideko kideak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Azkenean, oztopoak gainditu eta gune bat izanen baitute. Runa parkean jo eta su dabiltza lanean astearte arratsaldetik, eta gutxi gelditzen da dena prest egoteko. Horregatik, sanferminetako egitaraua aurkeztu dute. Uztailaren 6an irekiko da gunea, eguerdian, eta adin tarte guziei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte.
Nabarmentzekoak dira uztailaren 9ko herri krosa eta uztailaren 12ko mus txapelketa. Haurrei dagokionean, egunero puzgarriak, tailerrak, antzezlanak... izanen dira, eta uztailaren 9an Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bisita izanen dute. Besta guzietan bezala, ez dira herri bazkariak, eta musika eta dantza ikuskizunak faltatuko. Kontzertuak ez dira soilik gauez izanen, goizez eta arratsaldez ere izanen da musika eskaintzarik. Taldeen artean nabarmentzekoak dira Gose, Gatibu, Obrint Pas, Boikot, Kaotiko, Vendetta, Gozategi, Raperos de Emaus, Habeas Corpus,Governors, Tximeleta, Reincidentes eta Mikel Urdangarin.
Besta gunea egunero irekiko da uztailaren 6tik 14ra bitartean, 11:00etatik 3:00-4:00ak bitarte. "Euskaraz bizitzeko gune aske bat izango da, non gizon-emakumeak elkarlanean arituko diren, besteekiko errespetuan; gune parekide bat", azaldu du Xabi Garcia Gora Iruñeko kideak. Izan ere, herri eragile eta taldeen artean besten ereduari buruzko hausnarketa egin dutela esan du, eta aipatutakoa da haiek hobesten dutena. Iruñeko Udalaren baimena hain berandu jasotzeak, egitaraua hiru egunetan prestatzera behartu ditu. Horregatik, hainbat talde kanpoan gelditu dira, ordutegiak antolatzeko arazoak izan baitituzte. UPNren jarrera salatu egin dute, eta, era berean, oposizioko alderdiekin urte osoan zehar izandako elkarlana txalotu.