Gorako joerak ez du etenik: beste 155 positibo agertu dira azken orduotan

Beste 115 pertsonak eman dute positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: bezperan baino 50 gehiagok. Nafarroan beste 40 kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Murgak positibo eman dutenei edo gaixo egon daitezkeela uste dutenei eskatu die itxialdia zorrotz betetzeko, eta neurriak zorroztu egin ditu: zahar etxeetako bisitak mugatu, eta eguneko zentroak ixteko erabakia hartu du, eta udalekuak etetekoa.

Jendea aurrera eta atzera Ordiziako alde zaharrean, atzo. JON URBE / FOKU
Jon O. Urain - A. Iraola
2020ko uztailaren 18a
13:17
Entzun

COVID-19aren izurriari buruzko egoeraren berri eman du Nekane Murgak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Datuak eman ditu: 115 pertsonak eman zuten positibo atzo PCR proban: 9k Araban, 43k Bizkaian eta 63k Gipuzkoan. Bezperan, 65 izan ziren; lau Araban, 26 Bizkaian eta 35 Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, azken zenbaketan kontatuko kasu berriak 40 izan direla esan du. Hego Euskal Herrian kasu berriak, beraz, 155 dira denera. Maiatzaren hasierara joan behar da atzera datu txarrago bat aurkitzeko.

Murgak azaldu du astebetean 25.000 PCR proba egin dituztela; atzo, 4.997: «Hauek dira datuak: beti jardun dugu erabateko gardentasunez. Ez dugu ezkutatzen datuen inguruko kezka». Erantsi du datuek erakusten dutela kutsatzeak gehiago direla, baina Osakidetza inoiz baino gehiago aztertzen ari dela. Beraz, «izozmendia lehenago» ikusten ari direla: «Oso goiz atzematen ari dira kutsatzeak, eta soilik kasu batzuetan artatu behar izan dituzte erietxean. Baina garrantzitsua bakartzea ondo betetzea». Kutsatuen soslaia ere aldatu dela azaldu du: batez ere gazteak dira, eta kutsatze eremua, aisia.

115 kutsatu horiei eta kontaktu estua dutenei mintzatu zaie Murga: bakartzeko eskatu die, eta ondo informatzeko itxialdian egin beharrekoaz.

Nafarroako osasun agintariek adierazi dutenez, azken zenbaketan agertu diren 18 kasu aurrez atzemandako agerraldiekin lotuta daude. Beste kasu multzo bat ere agertu zaie orain, berria. Orain arte positibo gehien eman dituen agerraldia Iruñeko Mendillorri auzoarekin lotutakoa dela esan dute; 51 kasu daude ja. Gogoraratu dute zerikusia duela gazteen arteko topaketekin. Izurria kontrolpean edukitze aldera, indartu egin dute kasuen jarraipenerako lantaldea, esan dutenez.

Udalekuak, bertan behera

Egoera horretan, Murgak zenbait neurri iragarri ditu. Batetik, Eudelen bidez, udalei eskatu diete udalekuak bertan behera uzteko, eta foru aldundiei, mugatzeko zahar etxeetako joan-etorriak: egoiliarrak ezingo dira kalera atera, eta bisitan senide bakarra joan ahal izango da. Adinekoen eguneko zentroak ere itxi egingo dituzte behin-behinean. Murgak esan du neurriok hiru herrialdeetan izango dutela eragina eta badaezpadakoak direla, «etorkizunean kutsatze gehiagorik ez egoteko».

Gainera, lagun edo senide arteko topaketetan arduraz jokatzeko eskatu du sailburuak, kalean nahiz etxean: «Ez dugu hamar lagunetik gorako talderik osatu behar: horrek du arrisku handiena». «Gazteek, zaharrek, haurrek, nerabeek... inork ez du immunitaterik», erantsi du.

Ordiziako eta Orioko agerraldiak, itxita

Aktibo dauden koronabirus agerraldiei ere errepasoa egin die Murgak, azaldu baitu atzo positibo eman zutenak «nahiko sakabanatuta» daudela Gipuzkoan. Edozein moduz, agerraldiak «identifikatuta» dauzkate. Esaterako, Oriokoa itxitzat jo du, eta Ordiziakoa ere bai ia-ia; pertsona batek eman du positibo Goierriko herrian; aurrez positibo eman zuen beste batekin kontaktu estuan egondako batek. Tolosan, kasu berriak apaltzen ari dira, baina ez dute itxitzat eman oraindik.

Zarautzen, kanpina zabalik dago, desinfektatu ondoren, lau positiboak beste leku batzuetan kutsatu zirelako. Eibarren, selektibitate osteko festa bateko positiborik baden aztertzen ari dira, eta Ermuan (Bizkaia) jarraipena egiten ari dira, baina aztertutako guztiek eman dute negatibo.

Bestalde, begirale batek positibo eman du kanpaleku batean, eta 250 laguni PCR probak egingo dizkiete. Murgak, ordea, ez du zehaztu non gertatu den hori: «Kostaldean».

Pertsona bat identifikatu dute Iruñeko udaltzainek

Iruñeko udaltzainek 23 urteko gazte bat identifikatu dute topaketa bat antolatu nahi zuelako kutsatuen eta kutsatu gabeen artean: futbol norgehiagoka bat. Mendillorri auzoan egitekoak ziren, eta sare sozialen bidez zabaltzen ari zen egiten topaketa horren berri. Gaztearen kontrako salaketa jarri dute udaltzainek: 3.000 euroko isuna ezar diezaioketela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.