Mila lagun inguru Gorbeiako tontorrean bildu ziren atzo eguerdian haustura hidraulikoaren bidez gasa erauzteko egitasmoen aurka egiteko. Erregai fosiletan oinarritutako garapen eredua kritikatu zuten bertaratutakoek, eta nabarmendu zuten fracking egitasmoek ingurumena, biztanleen osasuna eta lurraldea bera «hondatuko» dutela. Araba eta Bizkaiko fracking-aren aurkako plataformek deituta igo ziren ehunka pertsona horiek, eta antolatzaileentzat «sinestezina» izan zen ekitaldiaren «arrakasta».
Goizean goiz, eguzkia lagun, hirurehun bat lagun bildu ziren Murgiako harrobietan. Arabakohaustura hidraulikoaren aurkako plataformak deituta zen hitzordu hori; are jende gehiago biltzen ari zen Gorbeiaren beste aldean Bizkaiko plataformak deituta. Bi probintzien artean dagoen mendia aukeratzeko bi arrazoi zeuden. Alde batetik, San Ignazio egunean bertara igotzeko ohitura baliatu zuten plataformek. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Naturaren Legearen aldaketaren bidez Gorbeiako Natur Parkean haustura hidraulikoa egiteko arriskuaz ohartarazteko xedea zuten bi plataformek.
Maiatzaren 10ean PSE-EEk, PPk eta EAJk Naturaren Legea aldatu zuten Eusko Legebiltzarrean. Horren bidez, enpresei kalte-ordainak ez emateko, meategi eta harrobietako jarduna ahalbidetu zuten babestutako eremuetan, natur parkeetan kasu. Ordea, zeharka, beste egitasmoei ere oniritzia eman zien, fracking egitasmoei kasu. Horretaz ohartarazi zuten haustura hidraulikoaren egitasmoen aurkako bi plataformek Gorbeiako gurutzearen ondoan, lege aldaketak kalte egin diezaiokeen eremuan, hain zuzen ere.
Oinez, zaldiz eta bizikletaz
Arabako zein Bizkaiko hitzorduetara gerturatutakoek gurutzerako bidea hartu zuten goizean goiz. Gehienek oinez egin zuten bidea, baina bizikleta eta zaldi gainean ere igo ziren batzuk. Mendian gora ehunka pertsona bildu ziren, horietako asko ohiturari jarraiki, tontorrean izango zen aldarrikapenaren berri izan gabe. Ordea, 12:00etan, argazkia ateratzeko deia egin zenean mila pertsona inguru elkartu ziren. «Arrakastak hunkitu egin gaitu», onartu dute antolatzaileek. Are gehiago, bildutakoak argazkiaren barruan sartzeko zailtasunak izan zituzten.
Tontorretik bertatik bi plataformek gogorarazi zuten mobilizazioekin jarraituko dutela datozen hilabeteetan. Horien artean urriaren 6an Gasteizen izango den manifestazioa nabarmendu dute, Hego Euskal Herriko zein Espainiako fracking-aren aurkako plataformek deituta.
Gorbeiako gurutzetik, 'fracking'-ari ez
Mila lagun inguru bildu dira tontorrean EAEko Naturaren Legearen aldaketak duen arriskuaz ohartarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu