Espainiako Estatuko diru bereiziak modu ilegalean erabiltzea egotzita Rafael Vera Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkaria izandakoari urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion 2007ko azaroan Madrilgo Lurralde Auzitegiak, eta gaur Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du epaia. Aldiz, Veraren idazkari izandako Juan de Justori erdira jaitsi dio zigorra, bederatzi hilabetera; kargugabetze zigorra lau urtetik bira ere murriztu dio Gorenak honi.
Auzitegi horrek, Madrilgoak bezala, frogatutzat jo du Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren diru bereiziak baliatuta Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohien emazteei ordainketak egin zizkietela. Ordainketak bi polizia ohiak GAL auzian zigortu ondoren egin zituzten, 1988tik 1994ra bitartean.
1988an Amedo eta Dominguez espetxean sartu zituzten, GAL auzia zela-eta. Madrilgo Auzitegiak zioenez, bi polizia ohien emazteekin bildu eta hainbat ordainketa egitea erabaki zuen orduan Verak. Estatuaren diru bereizietatik 206 milioi pezeta (1.241.000 euro inguru) baino gehiago hartu zituzten, eta bere idazkari De Justori agindu zion ordainketa egiteko. Ordainketen helburua polizia ohien espetxeratzeagatik konpentsatzeaz gain, bi auzipetuen isiltasuna bermatzea zen, GALen inplikatutako beste hainbat pertsonen izenak isilean gorde zitzaten. Ordainketak eskura edo Suitzan irekitako hainbat kontutan egin zituzten. Epaiaren arabera, Vera jakitun zen delitua burutzen ari zela.
Estatu idazkari ohia 2006ko abuztutik hirugarren graduan dago. ETA desagertzean, urte haietan gertatutakoa "zehatz-mehatz" kontatuko duela iragarri izan du.
Madrilgo Auzitegiak Guardia Zibileko koronel Felix Hernando eta komisario Anibal Machin zena libre utzi zituen, Suitzara entregatu zuten dirua zertarako zen jakitun ez zirela iritzita.
Politika
Gorenak berretsi egin du Estatuko diru bereizien auzian Rafael Verari jarritako zigorra
Estatu idazkaria izandakoari urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zion 2007ko azaroan Madrilgo Lurralde Auzitegiak, GALen garaiko ordainketa batzuengatik. 2006ko abuztutik hirugarren graduan dago. Haren idazkari ohiari erdira jaitsi dio zigorra Gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu