Iñigo Iruin: «Gorenak bi aldiz urratu ditu bost pertsona horien oinarrizko eskubideak»

Abokatua pozarren dago Konstituzionalaren epaiarekin, eta hamabost urte iraun duen prozedura judizialean Gorenak izan duen eragina azpimarratu du.

IÑIGO IRUIN ABOKATUA
Iñigo Iruin abokatua. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Iñigo Iruin abokatua (Donostia, 1953) pozarren dago. Berak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako babes helegitea aintzat hartu dute, eta atzera bota dute Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Sonia Jacinto berriz epaitzeko Espainiako Auzitegi Gorenak egindako eskaera. ETAren aginduz ezker abertzalea berregituratzea egotzita atxilotu zituzten. Bide soilik politikoen aldeko bidea urratzen ari ziren, 2011n epaitu zituztenean berretsi zutenez. Hamabost urte iraun duen prozedura horretatik, Iruinek Espainiako Auzitegi Gorenaren rola du azpimarratzeko.

Zer ondorioztatu duzu Konstituzionalaren ebazpenetik?

Auzitegi Gorenak auzi honetan izan duen jokabidean jarriko nuke begirada. Bi aldiz urratu ditu bost pertsona horien oinarrizko eskubideak. 2018an, Estrasburgok esan zuen Auzitegi Gorenak 2012an eman zuen epaiak urratu egiten zuela epaiketa inpartzial bat edukitzeko eskubidea. Eta, gainera, orain Konstituzionalak esan dio berriz epaituko balituzte urratu egingo lukeela non bis in idem printzipioa, ezin baita pertsona bat auzi beragatik bi aldiz epaitu.

Nola exekutatzen da Estrasburgoko epai bat?

2015ean, lege aldaketa baten bidez ezarri zen bidea: berrikuspen errekurtso baten bidez egin behar da hori. Beraz, hori egin genuen Estrasburgoko epaia etorri zenean, berrikuspen errekurtsoa aurkeztu. 2020ko uztailean, Gorenak sententzia baten bidez ebatzi zuen, Estrasburgoko epaia aintzat hartuta, baliorik gabe uztea akusatuak zigortzen zituen epaia, eta hor bukatu behar zuen: ezin zen besterik erabaki hortik kanpo.

Zer rol jokatu du honetan Goreneko 2. zigor aretoak?

2018an, Estrasburgoko Auzitegiak esan zuen Bateragune auzikoek ez zutela izan epaiketa justu baterako eskubiderik, eta kasu horretan Gorenak egin behar zuena zen epai hori exekutatu eta kito. Baina Manuel Marchenak –Auzitegi Goreneko 2. zigor aretoko presidenteak–, ezustean eta legezko oinarririk gabe, tranpa prozesal bat egin zuen. Sententzia horrekin auzia bukatu beharrean, 2011n guk Auzitegi Nazionalaren epaiari jarritako kasazio helegitea berriz ireki zuen. Eta hortik tiraka, beste sententzia bat ere eman zuen, esanez epaiketa berriz egin behar zela. Gorenak, sententzia bat eman beharrean, bi eman zituen: berrikuspena eta kasaziokoa. Marchenak, presidente bezala, araudi prozesalak urratuz jokatu zuen. Horretarako, beste mugimendu bat egin zuen: gaia aretoko bost magistratuk erabaki beharrean Goreneko osoko bilkurak erabakitzea.

Zergatik egin zuen hori?

Bostek erabaki beharrean hamabostek erabakita, autoritate eta babes handiagoa erakutsi nahi zuen. Erabaki horrek adierazten du, nik uste, kontziente zirela non bis in idem printzipioa urratu zezaketela.

Zer nahi zuen?

Bere jarduteko modu txarra zuritzea eta 2011n egindako epaiketaren urraketa ezkutatzea. Estrasburgoko epaiak auzitegi inpartzial baterako eskubidea aitortzen die kaltetuei, eta, gainera, argi esaten du pertsona kaltetuak duela eskubidea erreparazioa nola egin erabakitzeko. Gorenak estatuaren eskubide bihurtzen du eskubide hori, epaiketa berriz egin ahal izateko. Egindako kaltea nola erreparatu Gorenak erabakitzea zen asmoa. Estrasburgoko epaiak ez dio, ordea, inolako eskubiderik aitortzen estatuari, baizik eta kaltetuak izan diren bost pertsona horiei.

Orduan, Estrasburgok, bere epaian, kaltetuei aukera aitortzen zien erabakitzeko ea berriz epaiketa egin nahi zuten edo ez.

Otegik, Diezek, Jacintok, Zabaletak eta Rodriguezek zigorrak beteta zeuzkaten Estrasburgoko epaia etorri zenean. Erabakiak garbi uzten zuen erreparazio hori aurrera eramateko bidea interesatuek eskatu behar zutela, eta guk ez genuen eskaera hori egin; ez bakarrik hori, kontra egin genuen. Bosten jarrera izan zen uko egitea beste epaiketa bati.

Gorenaren jarrerak zer adierazten du?

Bereziki Gorenean ez dute onartzen Europatik sententziak baliogabetzea edo Espainian ematen dituzten sententzietan egiten diren urraketak bistan uztea.

Lawfare edo jazarpen judizialtzat jo dute kaltetuek.

Hitz berria da hori, baina edukia lehendik ezaguna da guretzat. Espainiako Estatuan organo bat baldin badago jazarpen judiziala eragiten duena, hori Auzitegi Nazionala da. Ni 40 urtetik gora aritu naiz han lanean, eta oraindik banabil. Auzitegi berezi hori 1977ko urtarrilean jaio zen, eta, ordutik, justiziaren erabilera maltzurra edo gerra juridikoa eta antzekoak izan ditu ezaugarri: geneetan darama. Lehen ez genuen izen hori erabiltzen, baina bagenekien zer zen.

Zer urrats egin asmo duzue orain?

Estatuaren ondare erantzukizuna eskatzeko asmoa daukagu, kartzelan bidegabeki emandako urteengatik. Lehenbizi lortu behar dena da Auzitegi Goreneko areto berezi batek adieraztea akats judiziala izan dela. Gai horren inguruko jurisprudentzia nahiko zurruna da, eskatzen baitu akatsak begi bistakoak izatea, nabarmenak eta agerikoak. Aztertzen ari gara. Hiru hilabeteko epea dugu. Ziur aski, hori izango da gure hurrengo pausoa.

Hamabost urte iraun du prozesuak.

2009an hasi zen. Oso luzea izan da, eta hor daukazu hamabost urtean ezpata hori. Estrasburgon lau urte, Auzitegi Konstituzionalean lehen bi eta orain hiru, berrikuspen errekurtsoa urte eta erdi, eta abar. Prozesu luzeak justiziaren ukazioa dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.