Politika

Gorka Agirre EAJko kide historikoa hil da, gaixotasun baten ondorioz

60 urte zeuzkan. 1988tik 2007ra artean EBBko partaidea izan zen. Lizarra-Garazi akordioa egitean parte-hartze garrantzitsua eduki zuen. Bihar Sabin Etxean hil kapera jarriko dute eta elizkizuna astelehenean izango da, Bilbon.

2009ko martxoaren 20a
16:47
Entzun
Gorka Agirre Arizmendi EAJko kide historikoa hil da gaur goizeko seietan, gaixotasun baten ondorioz -minbizia zeukan-. Anberesen (Flandria) jaio zen, duela 60 urte -astelehenean bete zituen urteak-, eta hiru seme-alaba zeuzkan. EAJk bihar Bilbon, Sabin Etxean, haren hil kapera jarriko du, 11:00etatik 17:00ak artean, jendeak bisita dezan. Hileta elizkizuna astelehenean izango da Bilbon, Abandon, San Vicente elizan.

Agirre urteetan izan zen EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) partaidea: 1988tik 2007ko abendura artean, Xabier Arzalluz eta Josu Jon Imaz zirela EBBko buru. Alderdian nazioarteko harremanen ardura eduki zuen eta, gainera, ezker abertzalearekin hartu-emana izateko ardura ere bazeukan -frankismo ostean Ipar Euskal Herrian bizi izan zen, eta horrek ETAko iheslariekin hartu-emana izatea ahalbideratu zion-. 1992an HBrekin elkarrizketak izan zituen EAJk eta Agirre izan zen jeltzaleen ordezkarietako bat. Iñigo Iruin izan zen HBko partaideetakoa 1992ko elkarrizketa haietan eta Agirre abertzaleen lankidetzaren aldekoa zela esan du gaur Euskadi Irratian.

1998ko irailean, berriz, alderdi, sindikatu eta eragile abertzaleek eta, besteak beste, EBk Lizarra-Garazi akordioa sinatu zutenean, Agirre izan zen EAJren aldetik hura mamitzen aritu zen kideetakoa, Joseba Egibar eta Juan Mari Ollorarekin batera.

Urte berean EAJk CiU (Katalunia) eta BNG (Galizia) alderdi abertzaleekin Bartzelonako Adierazpena sinatu zuen, eta han izan zen Agirre, izenpetzean.

Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2006an auzipetu egin zuen, Faisan Behobiako (Irun, Gipuzkoa) ostatuarekin lotutako auzia dela-eta. ETAren zerga iraultzailea-n bitartekari lanak egitea leporatu zion. EAEko Auzitegi Nagusian eta Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen -30.000 euroko bermea jarri behar izan zuen aske geratzeko-, eta 2008ko urrian haren kontrako kargu denak erretiratu zituen Baltasar Garzon epaileak -ordurako Grande Marlaskaren lekukoa hartua zuen auzian-.

Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakariaren iloba zen Gorka. Telesforo Monzon Jaurlaritzako sailburu ohi eta HBko buruzagiarekin harreman estua izan zuen frankismoaren bukaeran eta ondoren, eta Arzalluz EAJko EBBko presidente izandakoaren konfiantzako gizona zen. Haren aita Juan Mari Agirre, Belgikan Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen.

Deia egunkarian hamaika artikulu idatzitakoa da Gorka Agirre, J. Txindoki goitizena erabilita.

Zientzia Ekonomikoak ikasi zituen Lovainako (Flandria) Unibertsitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.