Gorostiagak familia bisitatzeko aukera izan du azkenean

Orozkoko baserrian izan da hurbilenekoekin, bi orduz, eta omenaldi xume bat egin ahal izan diote Uriarte emazteari

Pablo Gorostiaga, Periko Solabarria agurtzen, atzo. BERRIA.
Erredakzioa
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Judith Uriarte emaztea hil eta hiru egunetara ikusi ahal izan ditu Pablo Gorostiagak bere senitarteko eta lagunak. Espetxe Zaintzak joan den ostegunean eman zuen Gorostiaga Euskal Herrira ekartzeko baimena, emaztea bisita zezan, baina senarra bidean zela hil zen hura. Senitartekoekin elkartzea izan du geroztik lehentasun bakar Gorostiagak, eta Espetxe Zaintzak horretarako ere jarri dizkion oztopo eta eragozpenak gainditu ostean, atzo arratsaldean izan zuen horretarako aukera Laudioko alkate ohiak. Familiak Orozkoko Albizu auzoan duen baserrian izan zen, eta Judith Uriarte emaztearen omenez haritz bat landatu eta oroigarri bat jartzeko aukera izan zuen baserriko lorategian, omenaldi hunkigarrian.

Ertzaintzak lagunduta iritsi zen Gorostiaga baserrira (17:00). Espetxe Zaintzak emandako autoak zer zioen gogorazi ostean, senitartekoekin egoteko baimena eman zioten Gorostiagari eta haiekin batera egin ahal izan zioten omenaldia Judith Uriarte emazte zenari. Haritz bat landatu zuen Gorostiagak berak, eta agurtu eta besarkatu ahal izan zituen bilobak. Ondoren, eta aurretik identifikatzeko eskatu ostean, taldeka agurtu zituen bertara joandakoak. Bi orduren ostean, Ertzaintzak inguratuta eraman zuten Gorostiaga txalo artean. Baserrirako bidegurutzean zain hainbat herritar zituen haren aldeko pankarta eta oihuekin.

Gaur iluntzean Laudion deitu du kontzentrazioa Herrira mugimenduak Gorostiagaren afera salatzeko (19:30), eta hilaren 13rako omenaldi bat dago deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.