Gorostiagaren emaztea hil da, presoa ikustera iritsi gabe

Judith Uriarte gaixo zegoen, eta ezin zen presoa bisitatzera joan; baimen bereziarekin Euskal Herrira bidean zen GorostiagaAngel Yusterekin «berehala» bilera egitea eskatu du Amaiur koalizioak

Pablo Gorostiaga, 2006ko Bat Egin egunean, 18/98ko auzipetuekin batera. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Urtebete baino gehiago Pablo Gorostiaga senarra ikusi gabe hil da Judith Uriarte. Gorostiaga preso daukate, eta Uriarte gaixo zegoen. Gorostiagak, emaztea bera bisitatzera ezin zela joan ikusita, bera Herrera de la Manchatik (Madril) Euskal Herrira ekartzeko eskatu zuen, baina baimena lortu bazuen ere, bisitara iritsi aurretik hil zen Uriarte, herenegun. Etxerat-en ustez, Espainiako Espetxe Zuzendaritza nagusiak, «beste behin ere» «euskal preso politikoekiko eta haien senideekiko krudelkeria eta ankerkeria erakutsi du, doako sufrimendua gehituz berez oso mingarriak diren egoerei».

Espetxe Zaintzak joan zen ostegunean eman zuen Gorostiaga Euskal Herrira ekartzeko baimena, emaztea bisita zezan. Etxerat-ek jakitera eman duenez presoa Zaballako espetxera ekartzeko «larritasunezko bidea» baztertu egin zuen Espetxe Zuzendaritzak, eta, beraz, lekualdatzea azkar egitea eragotzi. «Horrek, distantzia txiki bat egiteko egunak behar izatea ekar dezake, eta ibilbide logiko bat ez egitea», presoen senitarteko eta lagunen elkartearen arabera. Herenegun atera zuten Gorostiaga Herrera de la Manchako espetxetik, eta atzo Ocañakoan zegoen. Alegia ehun kilometro inguruko lekualdaketa besterik ez zuten egin. «Sakabanaketa politikaren esanahi eta ondorioen adibide garbi bat da», Etxerat-en irudiko. Ocañatik etxera deitu zuenean jakin zuen Gorostiagak emaztea ordu batzuk lehenago hil zela.

Gertaera «oso larria» dela salatu du Amaiurrek, eta Angel Yuste Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiarekin «berehala» bilera egitea eskatu du.

Gorostiagak 71 urte ditu. 18/98 sumarioan zigortu zuten, Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko kidea zelako. Zazpi urte eta zortzi hilabeteko zigorra jarri zioten, eta hiru laurdenak beteta dauzka, sei urte, hain justu. Laudioko alkate izana da.

Hain justu, herri horretako jaietako pregoia egiteko aukeratu zuten aurten Gorostiaga, baina auzitegiek ez zioten utzi. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak jarritako salaketaren ondorioz debekatu zioten pregoia ematea.

Presoaren alaba Estibalitzek idatzitako iritzi artikulua argitaratu zuen Gara -k abuztuaren 24an, eta han ere salatu zuen gertatzen ari zena: «Nire ama gaixo dago, larri. Urte erdi darama aita bisitatzera joan ezinda, eta aurrerantzean ere ezin izango da joan».

«Lan nekaezina»

Uriartek euskal presoen eta haien senideen alde «lan nekaezina» egin duela azpimarratu du Etxerat-ek. Presoen senitarteko eta lagunen elkarteak ez ezik, Uriarteren lana goraipatu du EH Bilduk ere. «Laudioko zenbait herri mugimendutan egindako lana» azpimarratu du, esate baterako, koalizio abertzaleak.

EH Bilduk «sakabanaketak eragiten duen sufrimendua» salatu du, eta hark «zigor gehigarria» eragiten duela. Gogor salatu ditu Urkijok egun batzuk lehenago sakabanaketa «anekdota hutsa» dela esanez egindako hitzak.

Espainiak «mendeku politika ankerra» darabilela salatu du, bestetik, Amaiurrek. EH Bilduri «zoru etikoa» eskatzen dien alderdiei erreferentzia egin die, eta «batzuen zoru etikoa» agerian geratu dela esan du. «Estatua da espetxeetan giza eskubideak urratzen eta zuzenbide estatuaren printzipioak hausten dituena».

Maribi Ugarteburu Sortuko kideak, berriz, gutun bat idatzi zion Gorostiagari bere blogean. «Egia da errealitateak beti gainditzen duela fikzioa», dio gutunean. «Espainiako botere betearazleak, judizialak eta espetxeko botereak, guztiak bakarrak direnak azken batean, edozein aurreikuspen gainditzen du, hura ezin ezkorragoa izan arren». Eskubiderik ez dagoela salatu du, eta gutxienez hil eta gero agur esaten utziko dioten esperantza agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.