Nora Arbelbide Lete.

Gorputzaren hizkuntza nahastuz

2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Metroko bagoi bat.Eta hor, barnean, pertsona bat, jarria. Zangoak zabal-zabalik. Gizon bat da. Edo emazte bat bada, emazte arrunta izanen da. Berez, jarrera maskulino bezala hartuak direlako hanka zabal horiek. Eta alderantziz.Pertsona bat, zangoak bata bestearen gainetik jarriak. Emazte bat da. Edo gizon bat bada, orduan, gizon emalditua izanen da, edo, agian, «susmoak sortuko dituen bat, ez delakoan heterosexuala». Irudi horiekin eta ironia puntu batekin aritu zen hitz egiten Rachele Borghi ikerlaria atzo, Baionan, PAF elkarteak gonbidaturik, Generoa zeri deitzen zaionegunaren karietara.

Rachele Borghi bera, zehazki, generoaz, sexuaz eta amodioaz gogoetatzeko zenbait giltza ematera etorri zen, queer-aren garaian. Hainbat pentsalarirenorain arteko erranak euskarri izan zituela. Erreferentzien artean, Judith Butler filosofoa izan zuen. Generoa ez dela berez existitzen baitio Butlerek. «Jarrera batzuen iraunarazte baten emaitza» dela. Norberak egunero erreproduzitzen dituenak. Nola eskuak mugitzen diren, nola ileak hunkitzen diren, edo burua. Jestu batzuk nola diren «femeninoago», beste batzuk «maskulinoago». Eta nola mundu guztiak, nahi gabe, generoaren «ideia bat» den hori erreproduzitzen duen: «Nonbait kopia batzuk erreproduzitzen ditugu, originalik gabe. Guk dugulako sortu femeninoaren eta maskulinoaren ideia», nabarmendu zuen Borghik, Butleren ideiak bere eginez.

Erreprodukzio horren kontziente izatera gonbidatu zuen ikerlariak. Kontzientzia hartu, hobeki gainditzeko: «Kontziente bagara, horrekin josta gaitezke. Erabil ditzakegu jestuak, jarrerak eta gorputzak, normetatik kanpo. Endekatu bezala etiketatuak direnak, nahasmena sortzeko». Eta gehitu zuen Butlerek dioela horri esker sisteman halako «birus» bat sartuko dela, «zirkuitulabur bat sortuz normaren erreprodukzioaren barnean».

90eko hamarkadan garatu zuen diskurtso hori Butlerek, Drag queen-ak bereziki izan zituela aipagai. Eta atzo agertu zen hogei urte geroago oraino balio duela diskurtsoak. Ñabardura batekin, halere. Atzokoan, drag queen-ak bainoago, drag king-en ideia zuten bereziki landu, batez ere IlludShonek proposatu tailerrean, drag queer estiloari jaiotza emanez. Maskulino edo femenino, gizon edo emazte binomioa hori hausteko modu bat izan zen. Emazteentzako tailerra zela, norberak bere baitan izan dezakeen gizona landu zuten. Eta, bide batez, ohartarazi zuten norbera emazte bezala zein heinetaraino femenino izan daitekeen. Zein zaila izan daitekeen feminitate horren galtzea. Ibilbide pertsonal bat abiarazteko tailerra izan zen atzokoa, irakurketa politikoa ere ez zegoela nehoiz urrun. Nola emazteak plaza publikoan ahal bezain leku gutxien hartzeko heziak diren nonbait. Gizonak, berriz, emozioak ez erakustera behartzen direla. Zerk egiten du gorputz bat gizon? Gorputz bat emazte? Karikaturan erortzeko arriskua ere hor zegoela nabarmendu zuten tailerretako zenbaitzuek, generoaren nondik norakoen zalantzak praktikan gauzatuz. Tailerrean nahasmen puntu bat sortu izanak poztu zituen, bide horri jarraitzeko asmoarekin utziz.

Oroz gainetik, atzoko Baionako tailerrak jostatzeko gonbidapena zuen egin. Ideia ez baita ere gizon bat bilakatzea. Gorputz bakar batekin josta daiteke, oraindik femenino izanez, edo maskulino. Nortasun eta harremanen kodigoak «galduz», beti Borghiren hitzetan. Eta hortik, «higuingarriak» bezala ikusiak diren gorputzak argira ekarri. Gorputzak «pluralak» direlako: «Nola gorputz guztiak ezberdinak diren, bada ere harrotasun puntu bat.Norma guztiak gainditzen dituen gorputza izateaz, etiketa guztiak hautsiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.