Gotzainek bide bat zabaldu dute abusuen biktimei kalte ordainak emateko, baita sententziarik gabeko kasu batzuetan ere

Espainiako Apezpiku Konferentziak esan du salaketa guztiak banan-banan aztertuko dituela, eta ordaina emateko prest azaldu da, abusuen «ziurtasun morala» baldin badago.

ESPAÑA CONFERENCIA EPISCOPAL
Espainiako Apezpiku Konferentziako ordezkariak, Madrilen eginiko agerraldian. DANIEL GONZALEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 24a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Erreparazioaren bidea urratzen hasteko prest agertu dira gotzainak. Espainiako Apezpiku Konferentziak aho batez erabaki du plan orokor bat ontzeko prozesuari ekinen diola, sexu abusuen biktimei erreparazioa eskaintzen hasteko. Plan horren barruan, gotzainek mahai gainean jarri dute kalte ordain ekonomikoak emateko aukera ere, sententzia judiziala egon ala ez. Hala ere, auziak ertz asko ditu, eta kalte ordainak ez dituzte era sistematikoan banatuko.

Kasua auzibidean badago eta epaileek frogatutzat jo badituzte abusuak, ez da eztabaidarik izanen: biktimek automatikoki jasoko dute ordain ekonomikoa, epaileek aginduta. Kasu horiek, baina, oso gutxi dira, biktimen elkarteek behin baino gehiagotan salatu dutenez. Gehienetan, ezinezkoa izaten da erasotzaileak epaileen aurrera eramatea, are gutxiago sententzia bat lortzea, delituak preskribatuta daudelako —salaketa gehienak 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean gertatutako sexu abusuei dagozkie— edo erasotzailea hilda dagoelako. Halakoak «kasuan-kasuan» aztertuko dituzte gotzainek: «Sexu abusua gertatu delako ziurtasun morala baldin badago, bai, erreparazio osoa eskainiko da», azaldu du Francisco Cesar Garcia Maganek, Espainiako Apezpiku Konferentziako idazkari nagusiak, Madrilen eginiko agerraldian. «Ziurtasun moral» hori zer den edo zeren arabera neurtuko den ez du esplikatu, halere.

Epaileek behartuta

Kalte ordainak pagatzeko poltsa zenbatekoa izanen den, hori ere ez du kalkulatu Elizak oraindik, «plan orokorra garatzeko prozesuak aurrera egin ahala» erabakiko baitute. Hala ere, Garcia Maganek iradoki du biktima denek ez dutela kopuru bera jasoko: «Desberdindu beharko dira bide judizialetik datozen kasuak, zeinetan epaileak dioenari men egin beharko baitiogu, eta beste guztiak». Izan ere, judizializatutako kasuetan, epaileek erabakiko dute kalte ordaina zenbatekoa izanen den, eta nork ordaindu behar duen: erasotzaileak edo, hark ezin badu, Elizak berak, erantzule zibil subsidiario gisa. Kasu bakan horietan, Eliza behartuta egonen da sententzia betetzera; gainerakoetan, erreparazioa ematea «betebehar morala» dela gaineratu du Apezpiku Konferentziak.

Sententziarik gabeko kasuetan, bestalde, gotzainek ebatziko balute biktima bati kalte ordaina dagokiola, diru hori ez luke Apezpikuen Konferentziak jarriko: erantzukizuna, lehenik eta behin, «erasotzaileena» izanen dela azpimarratu du Garcia Maganek, eta, bestela, kongregazio erlijiosoena: «Erasotzailea hilik badago, haren elizbarrutiak edo erakunde erlijiosoak ordaindu beharko du erreparazioa, baina, printzipioz, Apezpikuen Konferentziak ez».

Gotzainek, bestalde, zentro erlijiosoetan salatutako sexu abusuei buruzko ikerketa bat eskatua diote Cremades & Calvo Sotelo abokatu bulegoari. Txostena iragan martxoan aurkeztekoak ziren, proiektua eskatu zutenetik urtebetera, baina, Apezpiku Konferentziaren esanetan, abokatu taldeak ez du bete hitzartutakoa: «Orain arte, behin-behineko zirriborro bat aurkeztu digute, 800 bat orrialdekoa, eta Cremades taldeak konpromisoa hartu du behin betiko txostena abenduaren 15ean aurkezteko».

Aurretik, azaroaren 28an, Frantzisko aita santuarekin batzartzekoak dira gotzainak. Garcia Maganen esanetan, bileraren gai ordenan ez dago sexu abusuen auzia, baina ez dute baztertu erreparaziorako plan orokorraren berri ematea, «gaia ateratzen bada». Apezpiku Konferentziaren idazkari nagusiak azaldu du, hala ere, «beldurrik» ez dutela Frantziskorekin sexu abusuen salaketez hitz egiteko, eta «interes handiz» esplikatuko dizkiotela planaren nondik norakoak, «galdetzen badu».

Nafarroan hasi dira ordaintzen

Erreparaziorako plan orokorra hasi-masietan badago ere, zenbait gotzaindegi hasiak dira jada biktimekin aurrez aurreko bilerak egiten eta kalte ordainak ematen. Iruñeko Artzapezpikutzak, adibidez, azaroaren 10ean onartu zuen zenbait biktimarekin elkartu dela eta, egindako kaltea aitortzeaz eta barkamena eskatzeaz gain, erreparazio ekonomikoa eman zietela biktimei. Josetxo Vera Iruñeko Artzapezpikutzaren bozeramaileak azaldu zuen «erreparazio espiritual eta morala» eskaini zietela, baita kasuak auzibidean jarri ez zituzten biktimei ere. Ez zuen zehaztu, hala ere, zenbat biktimarekin batzartu ziren, ezta zenbat diru eman zieten ere.

Francisco Perez artzapezpiku izandako garaian egin zituzten ordainketak —2007tik 2023ra izan da karguan Perez—. Denbora horretan, hamar abusu salaketa «egiaztatu» ahal izan ditu Nafarroako Elizak: horietatik hirutan jo zuten biktimek auzibidera, eta beste zazpi kasuetan, «artzapezpikutzaren biktimentzako bulegoetan lortu zuten konponbidea».

Adituen arabera, ordea, hamar ez, «ehunka» izan litezke Nafarroako eskola erlijiosoetan gertatutako sexu abusuak. Iaz, adibidez, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde batek auziari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuen. 1948 eta 1985 artean gertatutako 60 kasu eta 31 erasotzaile identifikatu zituzten, eta adierazi zuten azaleratutako kasu horiek «izozmendiaren tontorra» baino ez direla. Espainiako Arartekoak ere txosten bat argitaratu du aurten, Eliza Katolikoaren menpeko zentroetan gertatutako sexu abusuei buruz. Haren arabera, Espainian, 18 urtetik gorako biztanleen %0,6k, 236.000 pertsona inguruk, apaizen edo erlijiosoren baten abusuak jasan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.