Gotzon Telleria euskal presoaren gradu progresioaren alde egin du gehiengo sindikalak

Telleriak 68 urte ditu, eta gaixotasun sendaezin bat du. Gaur egun, Zaballako espetxean dago preso.

Sindikatuek egindako elkarretaratzea, gaur goizean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sindikatuek egindako elkarretaratzea, gaur goizean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko apirilaren 7a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dute Bilboko Plaza Biribilean. Bertan, Gotzon Telleria euskal presoaren egoera bideratzeko eskatu dute, eta hirugarren gradua ematearen alde egin, Gotzon SOS dinamikarekin bat eginda. Telleriak 68 urte ditu, eta gaixotasun sendaezin bat du. Gaur egun, baina, Zaballako espetxean dago preso (Araba), bigarren graduan.

Sare Herritarreko ordezkariekin batera, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek parte hartu dute gaurko elkarretaratzean. ELAko eta LABeko kideek hitz egin dute euren izenean, eta gradu progresioa defendatu dute, argudiatuz espetxe legediari men eginda hirugarren graduan beharko lukeela: «Orain, konponbidearen bidean pausoak ematen ari garen honetan, ezinbestekoa da gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik irten ahal izatea, haien osasuna okertu ez dadin eta gaixotasunari baldintza egokietan aurre egin diezaioten».

Preso bilbotarra 2017an estraditatu zuten Mexikotik Espainiara, eta 26 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1981ean Espainiako Polizia baten hilketan parte hartzea egotzita. 2019an, baina, gaixotasun genetiko baten lehen sintomak antzeman zizkioten. Gainera, sindikatuetako ordezkariek adierazi dute ordutik hona okerrera egin duela haren egoerak, eta bestelako gaixotasun degeneratiboak ere jasan ditzakeela jada duenaren eraginez; besteak beste, alboko esklerosi amiotrofikoa edo dementzia frontotenporala.

Ez da, inondik inora, gehiengo sindikalak gaixo dauden euskal presoen egoera jorratzen duen lehen aldia. Gaurko agerraldian gogoratu dute 2019tik Sare Herritarrarekin elkarlanean ari direla, «salbuespen politikak salatzeko eta konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urratsak bultzatzeko», uste baitute Euskal Herriko langileak «subjektu aktibo bat» direla helburu horiek eskuratzeko bidean. Norabide horretan, premiazkotzat jo dute «hainbeste min eragin duten» salbuespen politikak amaiaraztea, gaixo dauden presoen egoera konpontzetik hasita. Gaur egun, Etxerat-en datuen arabera, hamalau dira gaixotasun larriren bat duten presoak.

Arratsalderako, beste elkarretaratze batera deitu dute Telleriaren egoera salatzeko, Indautxuko osasun zentroaren aurrean. Ostegunean, berriz, hitzaldi bat egingo dute Hitz & Hitz fundazioaren egoitzan, Osasuna espetxean izenburupean. Hitza hartuko dute Txema Matanzas abokatuak, Maritxu Jimenez psikologoak eta Markel Brouard medikuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.