Urtegi bati lotutako 2.500 biztanleko herria da Agoitz (Nafarroa). Itoizko horma eraikitzen hasi zirenetik, obra horrek baldintzatu du erabat herritarren egunerokoa. Haien poltsikoan ere badu eraginik, ustez urtegiak utzitako ordainak gozoki pozoitu bilakatu baitira. Ordain gisa Ebroko Ur Konfederazioak eta Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioak herrian eraikitako azpiegitura handiak dirua xahutzeko gune bilakatu direla salatu du udalak. «Lehengo sariak oraingo galbide bihurtu dira».
Unai Lako alkatearenak dira hitzak (Bildu). Iaz hartu zuen kargua. 38.000 euro aurkitu zituen herriko etxeko kutxan, eta 389.000 euroko zorra, ordaindu gabeko fakturatan. Udaleko kontuak aztertu dituzte, eta ondorioa garbia da: «Diru publikoaren gaineko kontrolik ez da izan», dio Lakok.
2003tik 2011ra bitarte, Agoizko Talde Independenteak agindu zuen Agoitzen. 1999tik 2007ra arte Javier Esparza izan zen alkate, eta 2007tik 2011ra bitarte, Francisco Enguita. Haien agindupean eraiki zituzten Itoizko urtegiaren ordain gisa Agoitzen egindako azpiegiturak: 2004an, kultur etxea; 2005ean, frontoia berritu zuten; 2007koa da igerilekua, eta 2009koa ondoko zentro hidrotermala. Ebroko Ur Konfederazioak egin ditu igerilekua eta zentro hidrotermala, bai eta frontoia berritzeko lanak ere. Kultur etxea, berriz, Nafarroako Gobernuak eta Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioak eraiki zuten. Esparzarekin hitz egiten saiatu da BERRIA, baina ez du lortu.
Azken urteotan, urtegiaren ordain gisa 9,2 milioi euro gastatu ditu Ebroko Ur Konfederazioak, inguruko herrietan. Kopururik handiena Agoitzentzat izan da: 7,7 milioi euro. Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioaren kontuak ez daude hain argi. Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde Alvaro Miranda da fundazioko burua. Agoitzen egindako lanetako aurrekontuaz galdetuta, «daturik ez» dagoela erantzun diote BERRIAri Mirandaren gabinetekoek. 2002an sortu zen fundazioa, 300.000 euroko aurrekontuarekin. 2005ekoa bi milioi eurokoa izan zen, eta 2008koa, berriz, 1,8koa.
2011. urtean 400.000 euroko aurrekontua onartu zuen Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioak. Haietako 130.000 Agoitzentzat ziren, karrikak konpontzeko lanak egiteko. Obrak adjudikatu eta gero, diru hori ez zuela jasoko ezagutarazi zion fundazioak Agoizko Udalari. 2012. urterako diru sailik ez du fundazioak. Ordainen txorrota itxi dute.
Akatsak eraikinetan
Herrian ordain gisa jasotako azpiegitura horiek eragiten duten zorra, berriz, gero eta handiagoa da. Zor horren zati handi bat igerilekuak eta haren osagarri gisa eraikitako zentro hidrotermalak sortzen dute. «Gauzak hasieratik egin ziren gaizki. Eraiki bai, baina argi dago Ebroko Ur Konfederazioak kontrolatu duela zenbat gastatzen zuen. Igerilekuko sabaia udan zabaltzeko aukera hasieratik gelditu zen hutsean, akats bat zegoelako egituran. Lehen egunetik, gainera, ur-ihesa izan dugu; egunero, 100.000 litro galtzen da». Konpontzeko eskatu, baina Ebroko Ur Konfederazioak ez du erantzunik eman. «Ur beroa galtzen da; ondorioz, 60.000 euro ari gara ordaintzen urtero ihes egiten digun ura berotzeko. Herri guztietan defizita sortzen dute igerilekuek, baina gurean are gehiago». Kultur etxearen kanpoko aldeko urbanizazioa ere Ebroko Ur Konfederazioak egin zuen, «baina gaizki». Udalak berriz egin behar izan zuen, eta ordaindu.
Udalaren buruhauste gehienak, hala ere, zentro hidrotermalak eragin ditu. Unai Lako alkateak «ezuste galanta» hartu zuen alkate izendatu zutenean, udalak zentro hori ordaintzeko mailegua eskatu zuela konturatu baitzen. «726.000 euro, herriak behar ez duen luxu bat ordaintzeko». 120.000 euroko bertze mailegu bat ordaintzen ari da udala, oraindik ere, etxebizitza baten truke. «Urtero, 100.000 eurotik gora ordaindu behar dugu mailegutan, eta ez dugu diru hori».
Agoitzek egun duen egoerak testuinguru zehatz bat du atzean, Lakoren ustez: «Udalak urtegiaren alde izandako jarrera saritu nahi izan dute gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak, eta herriko agintariek sari horiek deus galdetu gabe onartu dituzte». Hau da, aztertu gabe herrian eraiki dituzten azpiegiturei eusteko zenbat diru beharko zuten edo azpiegitura horiek herritarren beharrei erantzuten ote zieten.
Asmo bat zuten aurreko agintariek, alkatearen ustez: «Agoitz 5.000 biztanleko herri bilakatu nahi izan dute. Errealitatea, ordea, asmo horretatik urrun da».2.500 biztanleko herria da Agoitz. Azken urteotan eraikitako etxebizitza berrien artean, 200 hutsik dira. Haietako zenbait eraikitzeko lanetan parte hartu zuen Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioak ere.
Lakok bertze gai bat jarri nahi izan du mahai gainean: «Ematen du herriak aparteko ordain bat jaso duela urtegia hemen egiteagatik; eskertu behar dugula, guri eman diguten abantaila balitz bezala; baina zentro hidrotermala kenduta, gurearen gisako edozein herrik duena eman digute. Kultur etxea eskubide bat da Agoitzentzat, ez aparteko saria». Arazoa, alkatearen ustez, egindako azpiegitura horien neurria izan da, eta proiektuak aurreikuspenik egin gabe gauzatu izana. Ordaina jasotzea, zer ekarriko zuen pentsatu gabe.
Gozoki pozoituak
Itoizko urtegiaren ordain gisa Agoitzen eraikitako azpiegiturek herria zorpetu dutela salatu du udalak; doan jaso zituzten, baina haiei eustea garestia da herriarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu