Zientzia

Grabitazio uhinak topatzeko giltzarri izan diren ikertzaileek jasoko dute Fisikako Nobel saria

Reiner Weiss, Barry C. Barish eta Kip S.Thorne zientzialarientzat izango dela jakinarazi du Suediako Zientzien Akademiak

arantxa iraola
2017ko urriaren 3a
12:30
Entzun

Iazko otsailean heldu zen albistea; jakin zen LIGO proiektuak grabitazio uhinak detektatu zituela. Oihartzun handia izan zuen albisteak; izan ere, Albert Einsteinek orain ehun urte eman zuen uhin horien berri, baina oraindik egiaztatzeko zegoen horien existentzia, detektatu gabe baitzeuden. Orain Suediako Zientzien Akademiak jakinarazi du aurkikuntza horretan aski lan garrantzitsua egin zuten hiru ikertzailek jasoko dutela Fisikako Nobel Saria: Reiner Weissek, Barry C.Barishek eta Kip S. Thornek. Saria eman dutenen arabera, mundua "astindu" zuen albisteak, eta aitortza merezi du hiru ikertzaileek horretan egindako ekarpenak. AEB Ameriketako Estatu Batuetakoak dira hiru adituak; lehenak sariaren erdia jasoko du, eta beste biek beste erdia.

Grabitazio uhinak atzemanda kosmosa ulertzeko bide berriak irekiko direla adierazi izan dute zientzialariek. Lehen aurkikuntza, zehazki, 2015eko irailean egin zuten, Louisiana eta Washingtoneko (AEB) bi detektatzailetan. Hainbat hilabete behar izan zituzten ondoren benetan grabitazio uhinak zirela egiaztatzeko. Aurkikuntza giltzarri izan zen, baita ere, Einsteinek 1905. urtean Erlatibitatearen Teorian esan zituenak berresteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.