Miguel Angel Planchuelo Bilboko poliziaburu ohiaren aurkako epaiketaren bigarren saioa egin dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta, grafologoek deklaratu dutenez, Planchuelok berak idatzi zuen GALen komunikatuetako bat. "Aquí GAL" hitzak (euskaraz, 'Hemen GAL') Planchuelok eskuz idatzi zituela azaldu dute. 1986an Donibane Lohizuneko Consolation eta Baionako Batzoki tabernen aurkako atentatuak agintzeagatik ari dira Planchuelo epaitzen, eta aipatutako komunikatuak, beste atentatu batekoa izan arren, Planchuelo GALeko kide dela frogatzen du. Bi taberna horietako atentatuak agintzeagatik Planchuelorentzat 114 urteko espetxe zigorra eskatu du GALen aurkako herri ekimenak. Fiskalak, berriz, absoluzioa eskatzen du.
Grafologoez gain, Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohien bikotekide izandakoek ere deklaratu dute; 108 urteko espetxe zigorrera daude zigortuta bi polizia ohi horiek atentatu horiengatik, eta, herri akusazioaren arabera, Planchuelorengandik jaso zuten atentatuak antolatzeko agindua. Inmaculada Gomez Perezek ziurtatu du bi horiek Planchuelorekin batera Juan Carlos Garcia Goenaren aurkako atentatua prestatu zutela. 1987ko uztailaren 24an hil zuen GALek Garcia Goena. Maria Angeles Balsategik, berriz, Planchuelo ez duela ezagutzen esan du, eta gaineratu du Amedok eta Dominguezek GALez ez ziotela sekula ezer esan.
Portugalgo presidentearen agindua isilik egoteko
Horien aurretik, erasoa egin zuten hiru mertzenario portugaldarrak deklaratzekoak ziren, baina horietatik bakarra agertu da saiora: Rogerio Fernando Carvalho da Silva. Mertzenarioak lekuko gisa deklaratu du egungo Portugalgo presidente Anibal Cavaco Silvaren agindua duela ezer ez esateko; garai horretan lehen ministro zen Cavaco. Hori guztia isilean gordetzeko agindua eman ziola esan du, "Estatu sekretua" delako. Alfonso Guevara epaileak orduan esan du ezin dela ezer egin, Portugalgo presidenteari hots eginda ere kasurik egingo ez diolako.
Portugalen epaitu zuten Carvalho da Silva atentatu horiengatik, baina ez du deklaratu nahi izan nork kontratatu zuen. Guevara epaileak gogorarazi dio lekuko den aldetik bere betebeharra deklaratzea dela. Carvalho da Silvak orduan onartu du Espainiako Poliziako buruen eta zerbitzu sekretuen aginduak jaso zituela. Bideokonferentzia bidez egin du deklarazioa Carvalho da Silvak. Espainiako Gobernuen agindurik jaso ote zuen galdetu diote, eta "zuzenean ez, noski" erantzun du. Amedorekin eta Dominguezekin behin baino gehiagotan bildu zela aitortu du, baina euren arduradunen agindurik ote zuten ez dakiela ere esan du, eta Planchuelo ez duela ezagutzen.