Auzitegi Nazionaleko epaile izandako batek zuzenduko du Barne Ministerioa Pedro Sanchezen gobernuan, Fernando Grande-Marlaskak. Bilbon jaioa 1962an, 1999an Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaile izendatu zuten. 2004an iritsi zen Auzitegi Nazionalera. 2005etik 2006ko ekainaren amaiera arte Auzitegi Nazionaleko epaile moduan aritu zen, eszedentzian zegoen Baltasar Garzon ordezkatuz, eta garai hartan ETA eta ezker abertzalearen aurkako operazio batzuk zuzendu zituen. Garzon bere postura bueltatu zenean (2006ko uztailaren 1ean), Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko zigor arloaren barnean geratu zen. 2012an Auzitegiko Zigor Aretoko presidente izendatu zuten eta urtebete geroago Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko kide izendatu zuten PPk proposatuta. ETAk mehatxatu ostean, bizkartzaina izan zuen.
Auzitegi Nazionaleko epaile zela, atxilotu ugarik salatu zituzten torturak bere aurrean, eta haren instrukzio aldietakoak dira Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari ezarritako zigorretako batzuk. Esaterako, Estrasburgok estatua zigortu zuen Oihan Ataun, Xabier Beortegi eta Beatriz Etxeberriaren tortura salaketak behar bezainbeste ez ikertzeagatik. Bi auzietan, Grande Marlaska zen epailea. Ruben Villaren tortura salaketen kasuan, Auzitegi Konstituzionalak agindu zuen artxibatutako auzi hori zabaltzeko. Kasu horretan ere Grande Marlaska zen instrukzio epailea. Beste hainbeste gertatu zen Mikel Beunzaren tortura salaketarekin.
ETBk elkarrizketatu zuen 2014ko azaroan, eta presoen sakabanaketa politikaz galdetu zioten. Erantzun zuen "gai politikoa" zela hori: "Ez da Espetxe Zuzendaritzari dagokion gai bat". Galdetuta "pertsonalki" zein zen bere ikuspuntua, ez zuen erantzun, hala egiteak bere "independentzia eta inpartzialtasuna" zalantzan jar zezakeelakoan.
Zelaa Hezkuntza ministro eta bozeramaile
Goiz osoan dantzan ibili dira Espainiako Gobernuan agintea hartuko duten ministro berrien izenak, eta goiz erdi aldera PSE-EEko kide Isabel Zelaarena zabaldu da: Hezkuntza ministro berria izango da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu karguan egon zen 2009-2012 aldian, PSE-EEk eratutako gobernuan.
Bilbon sortua da, 1949an. Pertsona garrantzitsua da PSE-EEn: 1998tik da Eusko Legebiltzarreko kidea. Hezkuntza gaien inguruan ardaztu du gehienetan bere jarduna; Fernando Buesa sailburu zen sasoian ja sailburuorde jardun zuen Jaurlaritzan.
Hezkuntza sailburu jardun zuenean aldaketak sustatzen saiatu zen, eta, besteak beste, hiru eleko eredua eta euskal gatazkak sortutako biktimak eskoletara joateko programak bideratu zituen. PPk sustatutako LOMCE erreformaren kontra beti jardun du, eta, intsumisiora jo gabe ere, era "sotilagoan" haren aurka egiteko neurriak defendatu izan ditu.
Zelaa "oso pozik" agertu da hartuko duen ardurarekin. Nabarmendu du "herrialdean aukera lehio berri bat ireki" dela.
BERRIAk 2014ko urtarrilean egin zion azken elkarrizketa sakona. LOMCE legea hilda jaio zela adierazi zuen orduan.
Zientzia eta Justizia
Gobernu berriko kide izango diren beste hiru ministroren izenak ere publiko egin dira gaur. Pedro Duque astronauta izango da Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroa, Justizia ministeritzaren buru izango da Dolores Delgado fiskala eta Lan ministro, berriz, Magdalena Valerio PSOEren Gizarte Segurantza eta Toledoko Itunerako idazkariordea. Valeriok enpleguaren eta pentsioen auziei heldu beharko die.
Defentsako Ministerioaz arduratuko da Margarita Robles. Reyes Maroto izango da Industria ministroa.