Aste osoko grebak gaur du azken eguna Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Biharko enpresan bildutako zentroekin egin dute akordioa beharginek, eta beste batzuetan ere ari dira egiten —Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian, esate baterako—. Gainerako enpresek, ordea, ez dituzte langileen aldarrikapenak onartzen, eta, une honetan, negoziaziorako mahairik ere ez dago.
Manifestazioa egin dute gaur Donostian, eta sindikatuetako ordezkariek berretsi dute protestan jarraitzeko asmoa dutela. ELAko ordezkari Iñigo Zubeldiak jakinarazi du eutsi egingo diotela hilaren 13tik aurrera greba mugagabera deitzeko asmoari. LABeko kideek datorren astean erabakiko dute zer egin. Sindikatuek nabarmendu dute "oso jarraipen zabala" izaten ari dela mobilizazioetan; azaldu dute gutxieneko zerbitzuen eraginez lau langiletik hiru baino gehiago ari direla beharrean, eta gainerakoak lanuztean daudela, akordioa lortzeko bidean diren egoitza batzuetan izan ezik.
Bi aldarrikapen nagusi dituzte. Batetik, diru kopuruari dagokiona. Alor horretan, Gipuzkoako Diputazioak iragarri du milioi bat euro gehiago jartzeko prest dagoela. Bestetik, lan erreforma ez ezartzeko konpromisoa itunean agertzea nahi dute sindikatuek. Adegik ezetz dio, eta berretsi du puntu hori biltzen duen akordiorik ez duela egingo.
Luze jotzeko itxura du gatazkak, sindikatuek eta patronalak aitortu dutenez. Hemendik aurrera, bi egun dira giltzarriak. Bat: maiatzaren 13a, mugarik gabeko greban has baitaitezke beharginak. Bi: uztailaren 7a, akordiorik ezean Espainiako lan hitzarmena ezarriko baitiete langileei.