Langile batzordea pozik dago Bilbuseko beharginek hasi duten greba mugagabearen lehen egunak utzitakoarekin. «Langile guztiek bat egin dute deialdiarekin; gutxieneko zerbitzuak normaltasunez bete dira, eta manifestazioa era baketsuan egin dugu», zioen atzo Pedro Angulo langile batzordeko presidenteak. Deialdiak izan duen «arrakasta» ikusita, Veoliak eta udalak hausnartuko duten itxaropena agertu zuen.
Bilboko Udaltzaingoak, berriz, istiluen berri eman zuen. Goizean goiz, hiru autobusen kontra egin zutela jakinarazi zuen. Txurdinagako Galindez kaletik zihoala, ezezagun batzuek aurreko kristala apurtu zioten horietako bati, eta gurpila zulatu. Angulok ez zuen gertatutakoaren berririk, baina eraso guztiak gaitzesten dituztela azpimarratu zuen. Edonola ere, dudatan jarri zuen Bilbobuseko langileak izan zitezkeenik. «Kotxetegietan geunden ordu horretan, ertzainez inguratuta». Egun osoan «erabateko normaltasuna eta lasaitasuna» izan zela nabarmendu nahi izan zuen. «Gutxieneko zerbitzuak bete behar zituzten autobusak arazorik gabe atera dira». 06:00etan bildu ziren kotxetegietan, eta goiz erdian manifestazioan parte hartzeko irten ziren handik, ertzainez eta udaltzainez inguratuta. «Guk ez dugu inolako istilurik sortu. Aldarrikapenak modu baketsuan egin ditugu, beti egin ditugun bezala. Polizia da horren lekuko».
Telefono deiaren zain
Astelehenean bildu ziren azkenekoz Veoliako zuzendaritza eta langile batzordea, eta ordutik ez dute harremanik izan. Telefonoa piztuta daukala zioen atzo Angulok, negoziazioei berriz ekiteko deitzen diotenerako. «Gu eztabaidatzen jarraitzeko prest gaude».
Mahai gainean gai bakarra zuten astelehenean: 2008tik hona Bilbobuseko beharginek egindako aparteko orduak. Horren inguruan ados jarriko balira, Angulok aitortzen du greba deialdia egin ez egin aztertuko luketela. Halere, bestelako gai batzuk ere badaude negoziazio txostenean.«Veoliak soldaten neurrigabeko igoera eskatzen ari garela dio. Gezurra da! Oraindik ez gara hasi lan ituna negoziatzen eta!».
Asteleheneko gai bakarra, beraz, aparteko orduen trukean libre hartu beharreko ordu horiek izan ziren. Datorren urtera arteko zenbaketa du eginda langile batzordeak. Orotara, 28.000 direla diote. «Libratu nahi ditugula esan diogu Veoliari, baina ezezko erantzuna jaso dugu. Ez dagoela dirurik. Horrek trabatu du negoziazioa». Ordu kopurua handia dela ikusita, langile gehiago hartu beharko dira. Enpresak, ordea, gehiegizko gastua irizten dio horri, eta ordu horiek poliki- poliki hartzen joatea proposatu du.
Pedro Angulok aski kritikagarritzat jo du Iñaki Azkunaren jarrera. Ez du ulertzen langileen eta herritarren alde agertu beharrean, alkateak enpresaren jarrera babestea. «Ibilgailuen egoera txarra salatu eta biharamunean gurpil berriak eta ordezko piezak ekarri zizkiguten. Hara! Egiaren bat edo beste esaten dugu, hortaz».
Grebaren arrakastak Veolia negoziatzera behartuko du, langile batzordearen ustez
Bilbobuseko beharginek protesta baketsua egin dutela diote; enpresak hiru autobusen aurkako erasoak salatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu