Greenpeace eta Aralar Petronorri baimena luzatzearen kontra

EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketa Muskizko herritarren interesen aurka doala salatu dute

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Petronorrek Muskizko lurrak erabiltzen jarraitzeko baimena luzatzeko EAJk eta PSOEk egindako akordioen aurka azaldu dira Aralar, Greenpeace eta Meatzaldeko Ekologista Taldea. Hiruren aburuz, Muskizko herritarren iritziaren aurka hartutako erabakia da, eta Petronorren interesei baino ez die erantzuten.

Atzo amaitu zen Espainiako Ekonomia Iraunkorraren Legeari zuzenketak aurkezteko epea. Horietako bat zen EAJk eta PSOE-EEk adostutakoa, Petronorrek beste 40 urtez Muskizen jarraitu ahal izateko. Herriko eragileek salatu dute horretarako Kosta Legea aldatu beharko litzatekeela.

Greenpeace baimena luzatzearen aurka dago: «Petronorren eta Repsolen neurrira egindako zuzenketa bat da». Talde ekologistaren arabera, Espainiako Gobernuak ez luke negoziaziorik onartu behar kostaldearen okupazioari buruz. «Bidegabea da Kosta Legearen inguruko eztabaida txosna eta etxebizitza txiki batzuk eraisteko baino ez izatea eta bien bitartean zuzenketa bat onartzea kutsagarria den enpresa batek bere jarduera jarrai dezan». Gainera, gogorarazi du Petronorren findegia sei aldiz handitu dutela Muskizko herritarrak aurka egon arren. «Findegiaren funtzionamenduari eta baimenei buruzko salaketa ugari izan dira, eta eraiki nahi duten koke planta oso kutsagarria da». Horrenbestez, zuzenketa erretiratzeko eskatu du Greenpeacek. «Zuzenketa adosteko orduan, ez da eztabaidarik izan, ez herritarrekin eta ez parlamentuko gainerako taldeekin».

PSOEk eta EAJk adostutako zuzenketa Muskizko herritarren nahiaren kontra doala nabarmendu du Aralarrek: «Muskizko herritarrek ez dute kokeplantarik nahi. Petronorrenhanditzearen kontra daude, eta eskatzen dute Eusko Jaurlaritzak kontrolatzea hirigunetik hurbilegi dagoen findegiaren isurketak».

Aralarri «paradoxikoa» iruditzen zaio PSE-EEren eta EAJren jarrera. «Francoren garaiko erabaki bat indarrean izateko, bat egin dute, eta Petronor enpresa handiaren interesak jarri dituzte Muskizko eta Bizkaiko hiritarren osasunaren eta nahien gainetik».

Halako akordioekin ingurumena babesten duten legeen sinesgarritasuna jartzen da kolokan, Aralarren irudiko. «Onurak ateratzen dituztenak, berriz, betikoak dira: enpresa handiak, eta haien jokoan aritzeko prest dauden politikariak».

Meatzaldea Bizirik Ekologista taldea ere baimena luzatzearen aurka azaldu da: «Petronorrek berriro ere erakutsi digu, gai dela erakundeei presioa egiteko,ingurumenaren eta herritarren osasunaren kaltetan etekinekonomikoak lortzen jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.