EAErako Energia Plan berria sor dezala galdegin dio Greenpeace nazioarteko talde ekologistak Eusko Jaurlaritza berriari. Plan hori energia berriztagarrien garapenean, zentral termiko zaharkituen itxieran eta berriak eraikitzeko baimenen ezeztatzean oinarritu behar dela uste du Greenpeacek.
Juan Lopez Uralde talde ekologistako Espainiako zuzendari exekutiboak adierazi du espero duela Eusko Jaurlaritzak krisia "ingurumenaren politika apaltzeko" ez duela erabiliko.
Garoñako (Espainia) zentral nuklearraren aurka egiteko eskatu dio Uraldek Jaurlaritzako lehendakari berriari. Pasaiako (Gipuzkoa) zentral termikoa ixtea eta Lantarongoa (Araba) eraikitzeko baimena ez ematea nahitaezkoak direla ere esan du.
Bilboko Zabalgarbi erraustegia handitzeko eta Donostiako Zubietakoa eraikitzeko proiektuak gelditzearen alde egin du Greenpeaceko ordezkariak. Era berean, hondakinak deuseztatzeko Murrizketa, Birziklatzea eta Berrerabilpena eredua jarraitu behar dela uste du.
Euskal kostaldea babesteko neurriak hartzeko eta kalte egiten dioten azpiegiturak saihesteko ere eskatu dio Jaurlaritzari; horren ildora adierazi du Pasaiako Kanpo Portuaren proiektuari amaiera eman behar zaiola.
Petronorreko Bizkaiko findegiak kaltetutako eremuan ikerketa epidemologikoa egin dezaten eta ingurumenaren gaineko gaietan talde ekologistei parte-hartze handiagoa berma diezaietela eskatu du Uraldek.
Gizartea
Greenpeacek Eusko Jaurlaritzari Energia Plan berria egin dezala eskatu dio
Garoñako zentral nuklearra ixteko eta Bilboko Zabalgarbi erraustegia handitzeko eta Donostiako Zubietakoa eraikitzeko proiektuak gelditzearen alde egin du, besteak beste. Era berean, Pasaiako Kanpo Portuaren proiektuari bukaera eman behar zaiola ere uste du talde ekologistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu