Miren Gutierrez kazetari donostiarra izango da 2011. urtetik aurrera Greenpeace erakunde ekologistako Espainiako zuzendari eragilea. Gutierrezek beste donostiar bat ordezkatuko du erakundearen zuzendaritzan: Juan Lopez Uralde. Azken horrek irailean utzi zuen Greenpeace Equo alderdi berdea gidatzeko.
Miren Gutierrez, 44 urtekoa, Filologiako lizentziaduna eta Irakasle Eskolako diplomaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzako master bat egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Hain zuzen, azken jarduera horretan aritu da azkeneko hogei urteotan. 1990ean Espainiako EFE albiste agentziarentzat lan egiten hasi zen Hong Kongen. Sei urte egin zituen Asia hego-ekialdeko, Koreako eta Ozeano Bareko berriemaile.
1996aren amaieran, Panamako La Prensa egunkarian hasi zen lanean, eta han ustelkeriari eta irregulartasun ugariri buruzko kazetaritza ikerketak sustatu zituen, horietako asko ingurugiroari lotutakoak. Ikerketa horien ondorioz, La ciudad de las cigarras (Txitxarren hiria) liburua argitaratu zuen.
2003an Inter Press Service ingurugiroari, giza eskubideei eta garapenari loturiko komunikazio agentziako zuzendari editorial izendatu zuten, eta iaz MarViva fundazioko komunikazio zuzendari lanetan hasi zen.
Greenpeaceko zuzendari berria aukeratzeko prozesuak hiru hilabete iraun du, eta 200 hautagai baino gehiago egon dira.M. LIZARRALDE
Greenpeaceko Espainiako buru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu