Mundua

Greziako Parlamentuak murrizketa planak onartu ditu

Aurkeztutako "planak ez du ordezkorik", Greziako Ekonomia ministroarentzat. Hiru urterako plana onartu dute gaur, eta jendetza elkartu da Legebiltzarraren aurrean horren kontra egiteko.

2010eko maiatzaren 6a
18:41
Entzun
Ekonomia ministro Giorgos Papaconstantinurentzat ez dago beste modurik aurrezteko, eurek diseinatutako murrizketa plana ez bada. Europako Batasunaren laguntzaren truke aurreztu behar denerako planaren zirriborroa gaur onartu dute Greziako Legebiltzarrean, eta aurrera ateratzeko arazorik ez da egon, Gobernuaren alderdi Pasok sozialistak gehiengo osoa baitu.

Greziarren haserrearen oihartzuna Atenasko Legebiltzarreraino iritsi da berriz ere. Gastua murrizteko neurriak onartu dituzten bitartean, kanpoan milaka lagun elkartu dira gaur ere. Neurrien kontra daudela esan dute, beste behin, herrialdearen defizit publikoaren eta zor publikoaren fakturaren zati handiena ordainduko dutenek. Atzoko istilu gogorren ostean —hiru hildako egon ziren—, herritar askok grebari eta lanuzteei eutsi diete, eta protestak daude Atenasko zentroan.

Greziarrek gerrikoa estutu eta gehiago ordaindu beharko dute. Funtzionarioen aparteko soldatak %30 murriztuko dituzte, gizarte gastuak gutxitu, pentsioak izoztu, erretiratzeko batez besteko adina atzeratu, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) %0,5 eta %2 artean igo, alkoholaren eta tabakoaren zerga %20 igo, eta erregaien zerga ere bai, besteak beste.

Tricheten adierazpenak

Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) buruak nabarmendu duenez, "Espainia eta Portugal ez dira Grezia". Hala ere, Espainiari, Irlandari eta Portugali zergen egokitzapena "ahalik eta azkarren" abian jartzeko eskatu die Nazioarteko Diru Funtsak. Horren aurretik, Moody's agentziak hiru herrialde horietako bankuek, eta Italiakoek eta Erresuma Batukoek Greziaren egoera bizitzeko duten arriskuaz ohartarazi du "kutxatzeko arriskuak herrialdeen arteko desberdintasunak murriztu eta mehatxuak sortu" ditzake-eta.

Michel Barnier Europako Batzordeko barne merkatuko komisarioak esan duenez, Europa "ez dago arriskuan", eta "erreakzio eta bateratze ahalmena" erakutsi du. Hala ere, Barnierrek aitortu du krisiak gogoeta bultzatu behar duela, eta Egonkortze Ituna "zorrozki" zaindu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.